Author: Esti

Aldaketak, Easo-San Bartolomeko obrak direla-eta

Easo-San Bartolomeko obrek beste fase batean daudenez, urriaren 2tik aurrera, astelehena, aldaketa hauek egingo dira Dbusen zerbitzu hauetan:

  • 23-Errondo-Puio eta 32-Puio-Errondo

Ez dute San Bartolometik zirkulatuko, eta Easotik, Askatasunaren Hiribidetik eta Urbietatik jarraituko dute. Easo 27an geldialdia egingo dute, eta bukaerako geldialdia Urbieta 38an egingo dute, orain arte bezala.

  • 19-Aiete-Bera Bera, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza eta B2-Aiete-Bera Bera:

Berriro Easo 27an egingo dute geldialdia, eta Easo 19ko geltokia ibilbidetik kenduko da.

  • 21-Mutualitateak-Anoeta, 28-Amara-Ospitaleak, 36-San Roke-Aldakonea eta 37-Rodil-Zorroaga:

Gernikako Arbolatik, Foruetatik eta Etxaidetik zirkulatzen jarraitzen dute orain arte bezala. Pasa den ekainean ezarri ziren aldaketak mantentzen dira.

Zerbitzu gehiago Igeldora urrian

Urrian ere ordutegiaren maiztasuna handiagoa izango da 16-Igeldo linean, ohiko erabiltzaileen eta turisten eta bisitarien garraioa errazteko. Aurreko hilabeteetan bezala, 10:05etik 21:05era bitartean zerbitzua handiagoa izango da, ordu tarte horretan maiztasuna 20 minutukoa izango baita.

Era berean, maiztasun handiago hau urtero eskainiko da maiatzetik urrira bitartean.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Retinaren Mundu Egunarekin

Irailaren 23an, larunbata, Retinaren Mundu Eguna izango da. Dbusek bat egin nahi du Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak ikusmen murriztua gehiago ezagutu dadin antolatutako jarduerekin, eta babesa erakutsi nahi die egunero-egunero egoera horren aurka borrokatzen dutenei

 

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbusen markesina berriek Navilens gidatze sistema dute, ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzat

Dbusen markesina berriek NaviLens gidatze sistema berritzailea dute. QR kodeen sistema bat da, distantzia handiz irakurri daitekeena eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonei aukera ematen diena Donostiako autobus geralekuak modu autonomoan kokatzeko. Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema horrek aukera ematen du testuinguruko informazio irisgarria lortzeko, hala nola geralekuaren izena, autobusen denbora errealeko iritsiera eta horien helmuga.

Sistema berria gaur jarri da martxan, irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Astearen barruan. Gidatzeko sistema hau markesinako gune estrategikoetan jarritako seinaleztapen digital irisgarri eta unibertsal baten bidezkoa da. QR kode horiek 15 metrorainoko distantzian irakurri daitezke aplikazio mugikor espezifiko baten bidez (NaviLens Go entzunezko eta ikusizko argibideetarako, eta Navilens entzunezko argibideetarako), eta lokuzioak igortzen dituzte. Ikusmen desgaitasuna duten pertsonek ez dute behar jakitea QR kodeak non dauden, mugikorraren kamera gai izango baita 30 segundo baino gutxiagoan horiek hautemateko, bideratu beharrik gabe eta 160º arteko angeluarekin. Sistema gai da, halaber, hainbat kode aldi berean eta mugimenduan irakurtzeko, eta horrek aukera ematen die erabiltzaileei erabat modu autonomoan mugitzeko.

Irismen handiko markagailu bisual horiek, halaber, baliagarriak dira beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.

Seinaleztapen sistema berria 50 geralekutan jarri da, eta pixkanaka Dbusen sare osora zabaltzea aurreikusten da, zutoin diren geralekuetara ere bai. 34 hizkuntza baino gehiagotan dago eskuragarri, horien artean euskaraz eta gaztelaniaz. Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako informazioa hobetzeko Dbusek orain arte eskuragarri izan dituen sistemen osagarria da, hala nola geralekuan zein autobusaren barruan aginte baten bidez aktibatzen den audio sistemaren osagarria. Horretarako, NaviLensen ezarpen hau desgaitasuna duten pertsonen elkarteekin kontrastatu da, hala nola Begirisekin, Begirisekin, AGIrekin eta Elkarturekin.

Proiektu hau Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioren (Next Generation funtsak) hainbat deialdik finantzatutako markesinak berritzeko ekimenean dago txertatuta, isuri gutxiko eremuak ezartzeko eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko laguntzen bidez.

Gidatze sistema berritzaile honekin aurrerapauso garrantzitsua eman da Dbusen autobus bidezko garraioaren irisgarritasuna hobetzeko, eta horrek hiri inklusiboagoa bihurtu du Donostia.

 

Irakurri

Dbusek QR kodearekin ordaintzeko aukera ezarri du autobusetan

Dagoeneko erabilgarri dago Dbusen autobusetan bidaia txartela QR kodearekin ordaintzeko aukera. Sistema berritzaile hori Dbusen linea guztietan erabil daiteke, eta txartela ordaintzeko beste aukera bat da, eskudirutan ordaindu ordez, Donostian autobusez bidaiatzea errazago eta erosoago eginda.

Lau garraio titulu berri

Zehazki, Dbusek QR kodearekin ordaintzeko lau modu berri sortu ditu. Dbusen app ofizialaren bidez eros daitezke ordainketa modu horiek, eta appa iOS eta Androiderako eskuragarri dago. Neurri hori abian jartzeko, apparen bertsio berri bat ere kaleratu da, eta bertsio horretan “Tickets” izeneko atal berri bat dago.

Hauek dira lau garraio titulu berriak:

  • 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du. Prezioa 1,85€ da.
  • 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau  erosleak gaueko nahi beste zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Prezioa 2,50€ da, eta transbordoak egiten ere uzten du.
  • 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, bai eguneko zerbitzuetan, bai gaueko zerbitzuetan, eta  6 €-ko prezioa dauka.
  • 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eguneko eta gaueko zerbitzuetan ere bai. Prezioa 10€ da.

Kreditu edo zordunketa txartel baten bidez erosten da, txartelaren datuak appean sartuz. Sartutako datuak appean gorde daitezke, aurrerago egiten diren erosketetan erabiltzeko. Erosketa sistema segurua da, eta ordainketa Redsys ordainketa pasabidearen bidez egiten da. Txartela appean erostean, QR kode dinamiko bat sortzen da, eta, autobusera igotzean, gidariaren postuaren ondoan dagoen makinan baliozkotzen da, mugikorraren pantaila gora begira jarriz kodea eskaneatu ahal izateko (ikus irudia). Txartel bat baino gehiago eros daiteke aldi berean, eta eragiketan erosten diren txartelak adina QR kode sortuko dira, autobusean banan-banan baliozkotzeko. Erosketa egiten den uneak markatuko du txartelaren iraungitze unea, erosketa egin eta hurrengo 30 minutuetan, edo 24 edo 48 ordutan erabili beharko da-eta, txartelaren modalitatearen arabera.

Sistemarekin, bidai txartelak erostea erraztu egiten da eta ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren denbora gutxiago eginda eta bidaietan emandako denbora murriztea ahalbidetuta. Txartela EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko modalitatearen osagarria da, zeinak 2017az geroztik funtzionatzen baitu Dbusen autobusetan, eta MUGI txartelarekin ordaintzeko modalitatearena ere bai. Txartel berriak oso praktikoak eta baliagarriak izan daitezke, bisitarientzat eta turistentzat ez ezik, une jakin batean MUGI txartela ez daramaten edo saldorik gabe geratu eta eskudirua ez duten ohiko erabiltzaileentzat ere. QR ordainketa sistemari esker, segundo gutxi batzuetan eros dezakete QR txartela geltokian edo autobusean bertan daudenean.

Era berean, aurreikusita dago datozen hilabeteetan autobusek aurrealdean ezkerrean eta erdiko atean dituzten baliozkotzeko makinak berritzea, txartel berri horiek autobuseko makina guztietan baliozkotu ahal izateko makina berri horiek gidariaren postuaren ondoan dauden makinek dituzten funtzionalitate berberak izango baitituzte, hala nola QR kodearekin, banku txartelarekin eta Bat eta Barik txartelekin zein MUGI txartel mota guztiekin ordaintzeko aukerak. 

QR kodearekin ordaintzeko modua Europako E-MOBASK proiektuari eta Next Generation funtsei esker inplementatu da. Zehazki, E-MOBASKek eguneko eta gaueko 30 minutuko QR txartelen garapena finantzatu du, eta 24 orduko eta 48 orduko QR txartelen garapena, berriz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren bidez (MITMA) lortutako Next Generation funtsei esker egin da.

 

 

 

Irakurri

Israelgo Garraio Ministerioaren ordezkaritza bat izan da bisitan Dbusen

Israelgo Garraio Ministerioaren ordezkaritza bat izan da bisitan Dbusen instalazioetan. Kotxetegietara joan dira; han instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatzeko aukera izan dute.

Bisitan, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari laguntzaileak, SAE ustiapenerako laguntza sistemaren eta Dbusen ticketing sistemaren funtzionamendua erakutsi die, eta, bereziki, EMV kontakturik gabeko banku txartelaren bidez ordaintzeko sistema, zeina Dbusen autobus linea guztietan instalatuta dagoen.  Era berean, gidariari laguntza emateko EKObus sistema ezagutu dute. Sistema horrek erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxitzea ahalbidetzen du, eta aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantentzen laguntzen du.

Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du. Sistema horrek geltokian dauden erabiltzaileen kontrola egiten uzten du, erabiltzaileen ia kopuru zehatza zenbatzen uzten baitu, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big datatik abiatuta Konpainiaren autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen programa berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaiak osatu ditzake.

Ordezkaritza txundituta geratu da Donostian dagoen hiri garraioaren erabilera maila handiarekin, baita hiriko BRTaren operatibarekin ere (Bus Rapid Transit). Sistema hori garraiorako soilik diren korridoreetan eta plataforma erreserbatuetan dago oinarrituta.

Bisitan zehar jorratutako beste alderdietako bat plangintza sistema adituen funtzionamendua izan da. Plangintza sistema horiek autobusen antolaketa eta gidarien ordutegiak antolatzeko modua ematen dute. Hitz batean, kontua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premiei erantzuteko egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain.

Irakurri

Elektrifikatu egin da Illunbeko aparkalekutik Erdialdera arteko anezka zerbitzua

Dbusek Donostiako Illunbeko aparkalekuaren eta Erdialdearen artean eskaintzen duen anezka zerbitzua 12 metroko autobus %100 elektriko batekin egingo da datozen egunetan. MAN Lions City 12e modelokoa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

 

MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAU enpresari egindako erosketaren barruan zerbitzuan jartzen den lehen autobusa da, enpresa horrek irabazi baitzuen lizitazioa, eta, erosketa horrekin, Donostiako autobus lineetan 12 metroko beste 13 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus %100 elektriko sartzea ahalbidetuko da. 12 metroko autobus berri honen eta bere karga-estazioaren prezioa 560.500 euro + BEZa da, eta bost urteko bermea du. Halaber, baterien bermea 12 urtekoa da, eta horrekin ibilgailuen bizitza erabilgarria estaltzen da. Europako funtsetatik jasotako dirulaguntza 550.000€-koa da.

 

Illunbeko doako aparkalekuaren eta Erdialdearen arteko anezka zerbitzua Dbusek eta Donostiako Udalak sustatzen dute, Mugikortasun Departamentuaren bidez, garraio publikoa bultzatzeko eta, horrela, hiriaren erdialdean kotxe partikular gutxiago ibil daitezen eta erosoago eta jasangarriago bidaiatzeko. Anezka zerbitzua 20 minutuko maiztasuna du, 11:00etatik 22:30era, asteko egun guztietan, eta bi geltoki ditu. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi garaitan eskaini da, Gabonetan eta udan, eta herritarrek ondo hartu dute zerbitzua.

 

Abuztuaren 31n, uztailaren 8an martxan jarri zen anezka zerbitzua 34.552 bidaiarik erabili dute, eta aurreko udan, berriz, 23.401 bidaiarik. 11.151 bidaiariko igoera horrek %47,65ko igoera dakar anezkaren erabileran, eta abuztuaren 7tik 22ra bitartean erregistratu da zerbitzu horren eskaririk handiena. Izan ere, bidaiarien zifra errekorra abuztuaren 10ean lortu zen, 1.734 bidaiarirekin, hau da, zerbitzuaren batezbesteko bidaiari kopuruaren oso gainetik, 751 bidaiarikoa baita.

 

Ibilgailu berri horrekin, hirian sartzen diren ibilgailu pribatuen kopurua murrizteaz gain, zerbitzu jasangarria eskainiko da, Konpainiak autobus flota pixkanaka elektrifikatzen aurrera egiteko duen helburuarekin bat eginda. Irailaren 10ean anezka zerbitzua amaitu ondoren, autobusak zerbitzua eskaintzen jarraituko du Dbusen gainerako lineetan, etorkizunean anezka zerbitzua berriro aktibatu arte. 

Irakurri

Dbusek 47-Atotxaerreka linearen ibilbidea luzatuko du irailean

Irailaren 4an Dbusek 47-Atotxa Erreka linearen ibilbidearen luzapena jarriko du abian, zeinarekin Atotxa Erreka auzoa eta Añorga auzoa lotuko diren.

Ibilbideak beste 6 geltoki gehiago izango ditu Añorga auzoan: Añorga Txiki I, Añorga I, Arzak Enea II, Arzak Enea, Añorga II, Añorga Txiki II

Linearen luzapenak Antiguoko auzoak, Añorga eta Atotxa Erreka linea bakarrean lotzea ahalbidetuko du, eta Antiguo auzoaren ardatzean dauden geltoki batzuk izango ditu, beraz, erabiltzaileek 3-4 minutuan behin Erdialdera doazen lineetara eta Dbuseko sareko beste linea batzuetara doan aldatzeko aukera izango dute.

Luzapen horrek ez ditu ordutegiak aldatuko, eta ekainean ezarri ziren ordutegi berak edukiko ditu.

 

Zerbitzuak ordutegi hau izango du:

  • Lanegunak:
    • Irteerak Funikularretik: 7:40tik 21:40ra, 60 minutuan behin.
    • Irteerak Atotxa Errekatik: 8:00etatik 21:00etara, 60 minutuan behin.
  • Larunbatak:
    • Irteerak Funikularretik: 8:40tik 21:40ra, 60 minutuan behin.
    • Irteerak Atotxa Errekatik: 9:00etatik 21:00etara, 60 minutuan behin.
  • Jaiegunak:
    • Irteerak Funikularretik: 9:40tik 21:40ra, 60 minutuan behin.
    • Irteerak Atotxa Errekatik: 10:00etatik 21:00etara, 60 minutuan behin.

 

Irakurri

Dbusen erabileraren hazkunde ikusgarria Aste Nagusian, 765.817 bi-daia erregistratu dira-eta

Dbuseko autobusen erabilera masiboa izan da 2023ko Aste Nagusian. Abuztuaren 12tik, larunbata, 19ra, larunbata, 765.817 bidaia egin dira Dbuseko autobusetan. Hau da, 2022an erregistratutako 615.279 bidaiak baino %25 gehiago izan dira, eta 2019an, Covid19 pandemiaren aurretik, erregistratutako 762.939 bidaiak baino %0,4 gehiago ere bai.

Zifra horiek ikusita, oraindik behin-behinekoak diren arren, Dbuseko autobusak izan dira berriro ere Donostiako jaietan gehien erabili den garraiobide publikoa.

Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 14an, astelehena, abuztuaren 17an, osteguna, eta abuztuaren 18an, ostirala, erabili da gehien autobusa; izan ere, 109.356 bidaia, 105.781 bidaia eta 105.645 bidaia erregistratu dira egun horietan, hurrenez hurren.

Hau da bidaien kopurua egunez egun:

  • Larunbata, abuztuak 12: 102.517 bidaia (gainera, Aste Nagusiko larunbat batean egon den erabileraren errekor historikoa da)
  • Igandea, abuztuak 13: :  67.490 bidaia
  • Astelehena, abuztuak 14: 109.356 bidaia
  • Asteartea, abuztuak 15: 76.282 bidaia
  • Asteazkena, abuztuak 16: 97.815 bidaia
  • Osteguna, abuztuak 17: 105.781 bidaia
  • Ostirala, abuztuak 18: 105.645 bidaia
  • Larunbata, abuztuak 19: 100.931 bidaia

 

Aste Nagusian gehien erabili diren lineak Amarakoak izan dira (17, 21, 26 eta 28 lineak), 204.125 bidaiarekin, eta, ondoren, Antiguakoak (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak), 156.260 bidaiarekin; Altza-Bidebietakoak (13-14 lineak), 126.653 bidaiarekin; Egia-Intxaurrondokoak (8, 9, 29 eta 42 lineak), 79.653 bidaiarekin; eta Aietekoak (18, 19, 23, 31, 32 eta 46 lineak), 74.007 bidaiarekin. Gainera, mikrobus lineetan 24.443 bidaia erregistratu dira. Era berean, Gautxori lineetan erregistratutako 35.573 bidaiak azpimarratu behar dira, 2022arekin alderatuta %18 gehiago erabili dira-eta.

Dbusek zerbitzuen hedapen zabala egin du egun hauetan, 23.300 zerbitzu baino gehiagorekin. Zerbitzuak emateko, 270 gidari aritu dira, 42 pertsona gehiagoren laguntzarekin, batez ere ikuskatzaile eta tailerreko langile gehiagorekin, autobus flota osoaren koordinazio eta funtzionamendurako beharrezkoak ziren eta.

Irakurri