Berriak

Dbizi sistema berriak urtebete egin du zifra errekorrekin

Abenduaren 11n Dbizi bizikleta alokatzeko sistema berriak urtebete egin zuen funtzionamenduan, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez zifra errekorrak lortuta.

Zerbitzu berriak, hiriko zati handi batean 46 geltoki dituenak eta guztira 437 bizikleta erabilgarri dituenak, bizikletaz egindako bidaien kopurua bikoiztea lortu du 12 hilabete baino gutxiagoan. Izan ere, 2021eko azaroaren amaieran 450.017 bidaia egin dira, eta 2019an, berriz, 208.007 bidaia egin ziren aurreko sistemarekin.

Zerbitzuan dauden abonatuen kopuruari dagokionez, aurtengo urrian zenbatu zen erregistratu kopururik handiena, 6.073 abonatu. Horrek esan nahi du %112ko igoera egon dela aurreko sistemarekin lortutako abonatu kopuru maximoarekin, 2018ko irailean 2.854 erabiltzaile erregistratu baitziren.

Erabiltzailearen profilari dagokionez, datuek erakusten dute abonatu asko ohiko erabiltzaileak direla eta egunero egiten dituzten bidaietarako garraiobide jasangarriak aukeratzen dituztela. Erabiltzaileen %85 inguruk banakako edo taldeko abonu arrunta du, urte osorako den abonamendu modalitate bat, ohiko joan-etorriak prezio hobean egiteko aukera ematen duena. Genero aldetik banaketa oso antzekoa da eta denboran zehar mantendu egin da, %53a gizonezkoak eta %47a emakumeak dira. Adinari dagokionez, 20 eta 29 urte bitarteko erabiltzaileak dira talde handiena, %22arekin, eta jarraian 40-49 eta 50-59 urte artekoak daude, %20arekin biak. 30 eta 39 urte bitarteko erabiltzaileen taldea %17a da.

Dbizin egindako bidaiak ibilbide laburrak dira batez ere, bidaien %70 inguru 15 minutu baino gutxiagoko ibilbideak baitira, eta eguneko puntako orduetan, hala nola ikastetxeetako eta lantokietako sarrera eta irteera orduetan, intentsitate handiagoa dute.

 

Kalitate ziurtagiriak lortzea

Dbizi UNE-EN 13816 arauaren araberako ziurtagiria lortzeko lanean ari da, bere zerbitzuan kalitate irizpideak ezarriz. Aipatutako arauak erabiltzaileei garraio zerbitzua emateko kalitate estandarrak zehazten ditu.

2021eko bigarren seihilekoan Dbizi lanean aritu da bere zerbitzuetan kalitate araua betetzen dela egiaztatzeko, barruko zein kanpoko auditoriak eginez, eta oso emaitza onak izan ditu erabiltzaileek egindako balorazioetan.

2021eko uztailean 250 gogobetetze inkesta baino gehiago egin ziren Dbiziren geltokietan. Hauek izan dira emaitza eta baloraziorik esanguratsuenak:

  • Sisteman alta emateko erraztasuna.
  • Bizikleten eskuragarritasun maila eta geltokietako ainguraketak.
  • Bizikleten mantentze eta segurtasun baldintzak.
  • Bizikletak egoki garbituta.
  • Bizikletaren erabilerari lotutako hiriko azpiegiturak.

Inkestatutako erabiltzaileek garrantzitsutzat jotzen dituzten hobetu beharreko alderdiak ere azpimarratu dituzte:

  • Abonu motak zabaltzea.
  • Geltokien sarea handitzea.

2022ko udaberrian Dbizik Aenorren ziurtagiria izatea espero da, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuak kalitate baldintza zorrotzenak betetzen dituela bermatuko duen kalitate zigilua.