Berriak

Autobusak zerbitzua ematen ari diren bitartean autobusen barruan dagoen CO2 maila eta aire berriztapena aztertu ditu Dbus-ek

Autobusak zerbitzua ematen ari diren bitartean aire berriztapena eta airearen kalitatea zer-nolakoak diren aztertu du Dbusek, eta berretsi du aireztapena hobetzeko ezarri diren neurriak egokiak direla.

COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien barruan, Dbusek autobusetako aire berriztapena eta CO2 kontzentrazioa aztertu ditu, autobusak benetako zerbitzua ematen ari ziren bitartean, hau da, erabiltzaileak autobus barruan zeuden bitartean. Azterketa hori egiteko neurketa ekipo eramangarriak eta flotako ibilgailuetan instalatutako zundak erabili dira, garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen eta garraio publikoan lanean ari diren pertsonen segurtasunaren alde lan egiten jarraitzeko.  

Azterketan zerbitzuaren baldintza guztiak hartu dira kontuan, okupazio  mailarik handieneko lineak eta ordu tarteak sartuta, bai eta Dbuseko flotako ibilgailu mota guztien ezaugarriak ere (mikrobusak eta 12 eta 18 metroko autobusak). Azterketa Efinerrek egin du. Efizientzia energetikoan aditua den aholkularitza enpresa bat da eta airearen kalitatea monitorizatzeko hainbat proiektu egin ditu.

Azterketa horretatik ateratzen den ondorioa da Dbuseko autobusetan, okupaziorik handieneko egoeretan, airea 13 segundoan behin berritzen dela, hau da, minutuko 5 aldiz gutxi gorabehera. Tasa hori gomendatzen den aire berritzearen tasa baino 9-10 aldiz handiagoa da.  Geltokietan ateak irekiz eta ibilgailuko leihatilak eta sabai leihoak irekiz lortzen den aireztapenarekin eta ibilgailuaren aireztapen eta klimatizazio sistemekin lortzen da aire berritzearen tasa handi hori.

Airearen kalitateari dagokionez, azterketatik ondorioztatzen da kalitate ona dela. Autobusetako CO2ren kontzentrazioak 640 partekoak baino txikiagoak dira milioiko, okupazio handieneko uneetan. Osasunaren Munduko Erakundeak ezartzen dituen eta aireztapen ez egoki baten erreferentzia moduan hartzen diren muga maximoen oso azpitik. Hiri autobus baten barruko CO2 mailak etxebizitza baten barruan batez beste dauden mailak baino %54 txikiagoak dira, eta bulego batean edo denda batean batez beste dauden kontzentrazioak baino %30 txikiagoak.

Horrenbestez, Donostian egindako neurketen emaitzek berresten dute Dbuseko autobusetan aireztapena egokia dela eta duela hilabete batzuk ezarri ziren neurriek ondo funtzionatzen dutela. Beraz, autobusa garraio segurua da hirian mugitzeko. Aire berritzearen maila eta denbora horrekin, okupaziorik handieneko egoeretan ere erabiltzaileek ez lukete arnastuko beste erabiltzaile batzuen airea. 

Azterketaren emaitza horrekin autobusetako aireztapena hobetzen jarraitu ahal izango da, bai eta efizientzia energetikoa optimizatzera bideratuta ezarri ziren eta pasa den urtetik AENORek COVID-9ari aurre egiteko protokoloetarako duen ziurtagiriarekin eta ISO 50001 arauarekin bermatuta dauden neurriak hobetzen ere.

Autobusetako aireztapena

Dbuseko autobusek etengabeko aireztapena dute zerbitzua ematen ari diren bitartean, geltokietan ibilgailuaren ate guztiak irekiz eta itxiz eta lehen orduan kotxetegietatik ateratzen den unetik ibilgailuaren leiho eta sabai leiho guztiak irekiz airea une oro sartzen baitzaie.  Era berean, lineako ibilbide bakoitzaren azken geltokira iristen den bakoitzean, gidariek leihoek irekita jarraitzen dutela bermatu behar dute, etengabe aireztatzea ahalbidetzeko, eta, ahal den guztietan, geltoki horietan ere ate guztiak irekiko dira.

Gainera, egun osoan ahalik eta gehien aireztatu ahal izateko, erabiltzaileei eskatzen zaie leihoak irekita edukitzeko. Horretarako, informaziorako pegatinak jarri dira leiho guztietan eta informazioa ematen da, audioarekin, autobusen barruko pantailetan Era berean, Dbus ahalegin handia egiten ari da ibilgailuen okupazioa monitorizatzeko, erabiltzaile gehien erregistratzen den irteera orduetan zerbitzua indartzeko.

Bideoa ikusi