Berriak

“Bidai txartela zure asegurua da” kanpaina Dbus-eko autobusetan

Donostiako Udalak eta Dbusek kanpaina bat abiarazi dute Dbuseko autobusak erabiltzen dituzten pertsonak ohartarazteko garrantzitsua dela beti bidai txartela ordaintzea eta, txartel pertsonalizatuarekin ordainduz gero, nork bere txartelarekin ordaindu behar duela. 

KARTELA_INSP_OSOABidai txartela bidaiarien asegurua da eta beharrezkoa da bidaiariek garraio titulu baliodunarekin bidaiatzea eta bidaiak irauten duen denbora osoan garraio titulua gainean eramatea edo Dbuseko edo Udaleko langileen esku jartzea ikuskapenerako. 

Kanpainaren irudia jada kalean da, Hiri Berdearen pertsonaia berberekin. Pertsonaia horiek azpimarratzen dute bidai txartel balioduna eramatearen garrantzia, autobuseko bidaiak irauten duen denboran bidaiariaren asegurua baita. Irudi hau markesinetan, Dbuseko eta Udalaren web orrietan eta sare sozialetan agertzen da, bai eta Dvbuseko pantailetan ere, autobus barruko informazio eta entretenimendu kanala baita. 

Informazio kanpaina honekin batera, ikuskapen kanpaina bat ere egiten ari da autobusetan. Ikuskatzaileek bidai txartelak edo garraio txartelak erakusteko eskatuko diete erabiltzaileei, bidaia eskudiruz edo beren garraio txartelarekin ondo ordaindu dutela egiaztatzeko. Era berean, erabiltzaileei zalantzak argituko dizkiete. 

Erabiltzaileak bidaia ordaindu ez badu, zehapena 50€-koa litzateke. Era berean, zehapena aplikatuko litzaizkien beste kasu batzuk ere azaltzen ditu Erregelamenduak. Hona hemen egoera horietako batzuk: 

 

- Garraio titulu baliodunik gabe edo bidaiaren ezaugarrietarako edo aurreikusitako baldintzetarako balio ez duen garraio tituluarekin bidaiatzea, bai eta garraio titulua gaizki erabiltzea ere: adibidez, beste pertsona baten txartel pertsonalizatuarekin bidaia ordaintzea.  Zehapena 50€-koa litzateke eta txartela kentzea ekarriko luke; titularrak txarteleko saldoa galduko luke eta txartel berriaren eskaera ordaindu beharko luke. 

- Autobusetan erretzea: 101 eta 200 euro arteko zehapena. 

- Ibilgailuak, barrutik zein kanpotik, edo geltokiak idaztea, margotzea, zikintzea edo beste edozein eratan hondatzea. 101 eta 200 euro arteko zehapena. 

 

Zehagarri diren kasu guztiak Donostiako Garraio Erregelamenduan daude jasota, eta Erregelamendua Dbuseko web orrian (www.dbus.eus) dago eskuragarri kontsultarako. Autobusetan pegatinak jarri dira, halaber, arau hausterik ohikoen eta dagozkien zehapenen gaineko informazioarekin. 

Azken finean helburua da garraio publikoaren erabilera egokia sustatzea eta azpimarratzea garrantzitsua dela beti garraio titulu egokiarekin bidaiatzea, erabiltzaileen bermea baita.