Berriak

Bizikletak alokatzeko Dbizi sistemaren kudeaketarako kontratua izenpetu dute Dbusek eta BIZISS ABEE-k

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz aurreko zerbitzua eten ondoren eta sistema berri abian jartzeko lanetan eragin duen atzerapenaren ondoren, Dbusek eta BIZISS ABEEk (MOVUSek eta UEBASERek eratutako ABEE) hiriko bizikleten alokairurako Dbizi sistema berriaren kudeaketarako kontratua izenpetu dute.Sistema berria mistoa izango da, bizikleta mekanikoak eta elektrikoak edukiko baititu. Bizikleta horiek diseinu funtzional erakargarria eta esklusiboa edukiko dute, eta beren irudi korporatiboa Dbusen irudi korporatiboarekin bat etorriko da, eta bistarako nortasun uniformea eta homogeneoa emango die.

Sistema berriaren ezaugarriak

Sistema berriak hobekuntza batzuk ditu bizikletetan, hala nola bizikleta mekaniko arinak; kalitate handiko bizikleta elektrikoak; bandalismoaren aurkako lohi babesa, bi pertsona eraman ezin izateko; eta aulki zuloduna, aulkian urik ez metatzeko.

Geltokiei dagokienez, esleipenduna atera den proposamenak ez du obra zibilik eskatzen geltoki mekanikoen eta elektrikoen hasierako instalaziorako eta geroko lekualdaketetarako. Geltoki elektrikoen lanetarako baino ez du behar obra zibila egitea. Era berean, energia berriztagarrien erabilera jasotzen du, eguzki panelen eta baterien bitartez, geltoki mekanikoen hornidura elektrikorako. Sistemak planteatzen du, halaber, egitura sendo bat, bizikleta elektriko eta mekanikoetarako ainguraketa sistema berbera duena, eta egurats zabal, itsas giro, bandalismo eta erabilera publiko intentsiboarekiko erresistenteak diren fabrikazio materialak eta akaberak ere bai. Geltokien muntaketa oso denbora laburrean egiten da.

Ainguraketa sistema nabarmen hobea da aurreko sistemarekin alderatuta. Zeharkako buloi sendo bat dauka geltokian, zeinak bizikletaren arra zeharkatzen baitu, eta arraren diseinu triangeluarrari esker bizikleta ainguratzea eta desainguratzea oso erraza da. Ainguraketa sistemaren diseinuari esker, halaber, ekintza bandalikoak baldin badaude geltokiko zein bizikletako kalteak txikiak izango dira. Ainguraketa sistemak, gainera, soinu eta kolore bidezko (koloretako 3 led) abisuak ematen ditu, oso argi, bizikleta ainguraketa puntuan ondo lotu edo deslotu den baieztatzeko.

Elementu teknologikoak fisikoki geltokian daude eta ez bizikletan bertan, eta bizikletak mugitzen dira beti ainguraketa batetik bestera; beraz, bizikletak arinagoak direla eta ekintza bandaliko pairatzeko duten arriskua txikiagoa da. Horrek, azken finean, erabiltzaileek esperientzia hobea izatea dakar. Elementu teknologikoetako edozein akatsek ainguraketa bat indargabetuko luke, baina ez luke eraginik izango kalean dauden/eskaintzen diren bizikleten kopuruan.

Ildo horretan, sistema berriak ahalbidetuko du bizikleta elektrikoak zein mekanikoak edozein geltokitatik/geltokitara askatasunez mugitzea, oinarriko geltoki guztiak (elektrikoak zein mekanikoak) mistoak izango baitira. Batez ere, bizikleta elektrikoaren autonomiagatik egin daiteke hori. Proposamenean sartzen da, halaber, ainguraketa duten geltoki kopurua handitzea, eskari handiko puntuetan geltokien ahalmena handitu ahal izateko, baina beti geltokiaren ahalmena erabilgarri dauden ainguraketa kopurura mugatuta, bizikletak puntu zehatz batera masiboki mugitzea ekiditeko eta hiriko beste gune batzuetan bizikleten eskaintzarekin arazorik ez egoteko.

Sistemak bi geltoki birtual edukiko ditu puntu espezifikoetan. Geltoki birtual horietan ez dago fisikoki geltoki bat, baina bizikleta utzi daiteke bertan. Ekitaldietarako ere planteatzen dira geltoki birtualak, eta geltoki horietan sistemaren langileak egongo lirateke beren kudeaketarako.

Sistemak edukiko duen irekiera ordutegia da sistema berriaren beste hobekuntza bat; izan ere, ordutegi zabalago edukiko du, astelehenetik ostiralera, 6:00etatik 0:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 24 orduko funtzionamendua. Erabiltzaileentzako arreta zerbitzuari dagokionez, sistemak arreta zerbitzu presentziala edukiko du hiriaren erdialdean. Era berean, Call Centerren ordutegia zabalagoa izango da, zehazki 6:00etatik 00:00etara urteko egun guztietan. Gainera, sistemak app eta webaren bitartez funtzionatuko du.

Sistemak bost aldiz handituko du eskaintza

Dbizi sistema berria honela geratuko da:

 

Geltokiak

Bizikletak

1. Fasea

45

437

2. Fasea

24

137

Guztira

69

574

Sistemak, zeinak hasieran aurrekoa bera izango baita (16 geltoki eta 115 bizikleta elektriko), bost aldiz handituko du eskaintza, eta hori bi fasetan egingo da. Era berean, proposamen irabazleak bizikleta mekanikoen kopurua 50 bizikleta gehiagorekin handitzea jasotzen du (574 bizikletako kopuruan sartuta daude).

Kontratuak 8 urteko iraupena edukiko du eta sistemaren gutxi gorabeherako kostua 6.668.000 eurokoa izango da (BEZa sartu gabe). Kostu hori, gainera, nabarmen jaitsiko da erabiltzaileen sarrerekin, publizitatearen ustiapenarekin, dirulaguntzekin eta beste bide batzuen bidez.  Espero da lehen geltokiak eta bizikletak 2020ko azaroan egotea erabilgarri.