Berriak

Bukatu da Dbus-en lehen autobus %100 elektriko artikulatuaren proba pilotua

Azken 6 hilabeteetan Dbus bere lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen aritu da. Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloan frogatu da lehen esperientzia pilotu hori. Ibilgailuak 28-Amara-Ospitaleak linean eman du zerbitzua, hau da, Dbuseko linearik erabilienean eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen linean.

Proba pilotu berritzaileari esker, sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan da. Benetako baldintzetan eta bidaiariekin zein hutsik edo bidaiaririk gabe doala probatu da. Ibilbidean zehar kargatzeko Miramonen instalatu den azpiegitura elektrikoa frogatzeko probak ere egin dira. Autobusak bukatu ditu jada zerbitzuko probak, baina urtarrilaren 31ra arte funtzionamenduan jarraituko du azpiegituraren froga gehiago egiteko.

 

Ibilgailuaren ezaugarriak

Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpen) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka eta estetika aerodinamiko erakargarria. Kotxetegietan gauez egiten zuen kargaz gain, proba pilotuan autobusak aukerako karga egiten zuen ibilbidean zehar, 28 lineak Miramonen duen linea buruko geltokian, hain zuzen. Izan ere, geltoki horretan instalatu zen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura elektrikoa. Azpiegitura bera ere Irizar Taldeak garatutakoa eta hornitutakoa zen. Kargarako, autobusak goiko aldean duen pantografoa zabaldu eta karga zutoinarekin konektatzen zen.

18 metroko autobus %100 elektriko artikulatu batekin egin den proba hau beste urrats bat da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko prozesuan. Linea honetan, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu eta beste proiektu pilotu batzuk lantzen ari da mugikortasun iraunkorragoa bultzatzen jarraitu ahal izateko.