Berriak

Dbizi bizikletak alokatzeko sistema berriaren gaineko informazio guztia zure eskura

Datozen asteetan, hiriko bizikleta alokatzeko sistema berria edukiko du Donostiak, Dbizi sistema, alegia. UTE BIZISSek (MOVUSek eta URBASERek eratutako ABEEa) kudeatuko du udal sistema, Dbusen eta Donostiako Udalaren bitartez.

Sistema berriak aurrekoak baino sare zabalagoa dauka, 46 geltokirekin eta 437 bizikletarekin, eta bizikleta horietatik 120 elektrikoak dira, eta 317 mekanikoak. Geltoki guztiak mistoak dira, hau da, bizikleta mekanikoak zein elektrikoak hartu eta utzi ahal izango dira puntu berean.

Geltokiak hiriko hainbat auzotan jartzen ari dira eta gaurtik aurrera www.dbizi.eus web orrian kontsultatu ahal izango da geltokiei eta beren kokalekuei buruzko informazio guztia, bai eta tarifei edo sistemaren funtzionamenduari buruzkoa ere.

Era berean, jada irekita dago Dbiziren Erabiltzailearen Arretarako Bulegoa, Zorroaga pasealekuko 23-25ean; astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, lanegunetan, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Telefonoz (943 060 888), sare sozialen bidez, posta elektroniko bidez ([email protected]) eta whatsapp edo telegram bidez (648 019 332) ere jar daiteke harremanetan bulegoarekin.

Sistema abian jartzeak ahalbidetuko du Donostiako mugikortasun iraunkorreko eskaintza handitzea eta errazago egingo du garraio modu guztien arteko intermodalitatea.

Sisteman alta eman

Abenduaren hasieran eman ahal izango da izena sisteman, Dbiziren web orriaren edo apparen bidez, edo Dbiziren Erabiltzailearen Arretarako Bulegoan.  Lehengo sistemaren erabiltzaileek (2020ko ekainean sistemari baja eman zitzaionean abonatuak zirenak) %50eko deskontua izango dute banakako abonu arruntean, baldin eta 2021eko urtarrilaren 6a baino lehen ematen badute alta sistema berrian.

Horretarako, datozen egunetan, kode bat jasoko dute posta elektroniko bidez eta abenduan, sisteman izena emateko epea modu ofizialean irekitzen denean, deskontuaz baliatu ahal izango dira. Era berean, urtarrilaren 6a baino lehen erregistratzen diren erabiltzaile berriek %25eko deskontua edukiko dute banakako abonu arruntean.

Tarifak eta ordainketa sistema

Dbiziren ordainketa sistema berriak kuota finko bat ezartzen du, banaka edo taldeka ordaindu beharreko abonu arrunta edo noizbehinkako abonu gisa, eta erabilerako denbora tarteen araberako ordainketa, bizikleta maileguan hartzen den denboraren arabera. Era berean, tarifa desberdina izango da bizikleta mekanikoa edo elektrikoa erabiltzen bada.

Sistemak taldeko abonu arrunta eta noizbehinkakoa ere baditu, 2-5 pertsonako taldeentzat, familientzat, enpresentzat eta abarrentzat. Abonuaren titular nagusiak egingo ditu taldeko pertsonen erabilerengatiko ordainketa guztiak.

Horrez gain, deskontuak egingo dira bizikleta elektrikoak erabiltzeko tarteen arabera (0-60 minutu) leku garaietan edo urrutik dauden auzoetako geltokietako joan-etorrietan (web orriko planoan adierazitakoaren arabera), eta deskontuak egingo dira, halaber, familia ugariagatik, abonu arruntetan eta noizbehinkakoetan.

Geltokien sarea

Garapeneko lehen fase honetan 46 geltoki jarriko dira hiriko 10 auzo edo gune hauetan: erdialdea, Gros, Egia, Ategorrieta-Ulia, Intxaurrondo, Antigua, Ibaeta, Loiola-Martutene, Aiete eta Amara.

Bigarren fasean, gainera, 22 geltoki gehiago jarriko dira, eta Bidebieta, Herrera, Altza eta hiriko beste eremu batzuetara zabalduko da sarea. 

Sistema berriak funtzionamendu ordutegi zabala du: astelehenetik ostiralera 06:00etatik 00:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduz egongo da martxan.

Bizikleten ezaugarriak

Bizikleta berriak sendoak dira, eta sistemaren apparen bitartez desainguratzen eta ainguratzen dira. Bizikleta elektrikoek errotulazio berdea dute, eta mekanikoek, berriz, urdina.  

Elementu teknologikoak, fisikoki, geltokian daude eta ez bizikletan bertan, eta bizikletak mugitzen dira beti ainguraketa batetik bestera; beraz, bizikletak arinagoak dira eta ekintza bandaliko pairatzeko duten arriskua txikiagoa da. Horrek, azken finean, erabiltzaileek esperientzia hobea izatea dakar.

Informazio gehiago