Berriak

DBUS, ADEGIREKIN elkarlanean ari da, lana eta familia arteko uztarketari buruzko gida bat egiteko

DBUS, Erantzukizun Sozial Korporatiboko politikak modu egokian garatzeko egiten ari den apustu sendoaren barruan, ADEGI Gipuzkoako patronalarekin elkarlanean ari da enpresetan lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzen laguntzeko ezarri daitezkeen neurri batzuei buruzko aholkuen gida bat argitaratzeko.

Kontziliazio gida hau DBUSek pertsona, langile eta gizarteaz oro har duen etengabeko arduraren erakusgarria da, bai eta enpresa barruko berdintasunaz eta etikaz duenarena ere.

DBUSez gain, gida hau egiten gogoz jardun dute Gipuzkoako enpresa ehuneko hainbat enpresa garrantzitsuk (CAF, Irizar, Orona, Matia Fundazioa, Deloitte Aholkularitza, etab.) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizartea Departamentuaren laguntza izan dute lan horretan.

Gida horrekin lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriei buruzko aholku orokorrak eman eta enpresetan neurri horiek ezartzen lagundu nahi da, kontuan izanda enpresan malgutasuna eta segurtasuna, eta, beraz, lehiakortasuna ere ahalbideko dituen aldaketa prozesu baten zatia direlako.

Lana eta familia uztartzeak dakartzan onurak ugari dira:

– Malgutasuna ahalbidetzen du
– Pertsonen motibazioa, inplikazioa eta enpresa proiektuan duten parte hartzea handitzen ditu.
– Langileen errendimendua eta garapen profesionala zein pertsonala hobetzen ditu.
– Erakundeetako aniztasuna gestionatzen laguntzen du, bai eta errealitate ekonomiko-sozialera hurbiltzen eta aldaketetara egokitzen ere.
– Erakundeko giro soziala eta lanekoa hobetzen ditu.
– Estres eta arrisku psikosozialaren mailak murrizten ditu.
– Absentismo maila orokorra murrizten du, presentzia fisikoari zein buruko kontzentrazioari dagokienez.
– Talde lana bultzatzen du eta, beraz, sormena eta berrikuntza ere bai.
– Pertsonak lanarekin gusturago egotea eta enpresan denbora gehiago irautea eragiten du, errotazio maila gutxituta.
– Enpresarako funtsezkoak diren pertsonak erakartzea errazagoa da, talentua areagotuta, bai kantitatez bai kalitatez.
– Enpresaren irudi korporatiboa hobetzen du.

Oro har, lana eta familia uztartzeak aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitzen laguntzen du eta, ondorioz, erakundean aldaketak egitera eta ingurunera egokitzera bultzatzen du. Horrela, bada, lana eta familia arteko uztarketak berrikuntzari eta produktibitateari ateak irekitzen dizkie, eta esan daiteke enpresentzat lehiakortasunerako funtsezko erreminta dela.

Dokumentu osoa web orrian kontsultatu daiteke: www.adegi.es