Berriak

Dbus, Alemanian egindako garraioari buruzko nazioarteko goi bileran sarituta

Maiatzaren 23an, ostegunean, “Garraioaren Lorpenak” izeneko sari ospetsua banatu zen Leipzigen, Alemaniako hirian egin den Garraioari buruzko Nazioarteko Goi Bileraren baitan. Lehen saria Kansaiko (Japonia) Aireportu Internazionalari eman zioten, garraio publikoko azpiegiturak finantzatzeko duen eredu berritzailearengatik.

Dbusek epaimahaiaren aitorpena eskuratu du eta mundu mailako hautaketa prozesuko fase guztiak gainditu ditu, finalerdietan lehen postua lortuta eta finalera helduta. Finalean Japoniako aireportua baino ez da geratu bere gainetik.

Aitorpenarekin Dbusek garraio publikoaren autofinantzaketan lortutako maila handia azpimarratzen da bereziki. Autobusaren erabilera masiboa, urtean bidaiariek batez beste 156 bidaia egiten baitituzte ─Europako tasarik handienetako bat ─ eta garapen teknologiko handiak hiriari asko aurreratzen lagundu diote. Horrek esan nahi du istripuak, zaratak, eguratsera igorritako kutsatzaileak eta trafiko pilaketak nabarmen gutxitu direla, 10,5 milioi euro inguruko aurrezpena ekarrita urtean Donostiako hiriarentzat.

Urtero, “Garraioaren Lorpenak” saria Goi Bileraren gaiarekin lotura duten proiektu berritzaileak dituztenei eskerrak emateko erabiltzen da, eta aurtengo Goi Bileran, garraioaren finantzaketaz aritu dira. Sari honekin, Garraioaren Nazioarteko Foroak onartu egin du Dbus dela 2013an munduan garraioaren sektorean diharduten lau konpainia hoberenetako bat.