Berriak

Dbus, EBSF 2 proiektuaren lehen bilerako partaidetako bat

JAZ_550193Europako Etorkizuneko Autobusen Sistemari buruzko EBSF 2 proiektuan (European Bus System of the Future 2) parte hartzen ari da Dbus, eta, berarekin batera, proiektuko partaide dira, halaber, CEIT Zentro Teknologikoa, IRIZAR autobus eta autokarren fabrikatzailea, UITP Garraio Publikoaren Nazioarteko Erakundea, eta Datik eta Digimobee enpresa teknologikoak. Proiektuak 36 hilabeteko iraupena du (2015-2028), 42 bazkide ditu, eta 12 hiri pilotutan erakutsiko da. Donostia da hiri horietako bat.

Proiektu berritzailea da, Europar Batzordeak Horizon 2020 programaren baitan finantzatuta, eta bere helburua da autobusak garraio publiko gisa duen efizientzia eta erakargarritasuna hobetzea, etorkizuneko premiei erantzungo dieten autobusen belaunaldi berri bat diseinatuta. Testuinguru horretan, uztailean Donostiako erakuslearen lehen bilera egin da Irizar enpresaren instalazioetan. Bilera horretan, hemendik 2018ra arte garatuko diren lan ildoak aurkeztu dira. Horretarako, Dbusek  142.100€-ko diru ekarpena jasoko du.

Donostiako erakuslean proiektuak 3 ardatz edukiko ditu:

 1) Mantentze lan adimendunak: helburua da flota mantentzen ematen den denbora optimizatzea, langilea, lanean ari dela, tailerrarekin eta biltegiarekin hobeto koordinatuta egoten lagunduko duen gailu adimendun bat garatuta. Horrela, jarduera erraztu egingo da, erregistroa ahalbidetuta, eta ibilgailuen zerbitzu denbora handitu.

2) Gidatzeko laguntzailea: modu ekologikoan gidatzen eta puntualago izaten laguntzeko sistemen erabilgarritasuna eta efizientzia egiaztatzea du helburu. Gizakia eta makinaren arteko interfazeak egoki diseinatuta, sistema erabilgarriago egingo du gidarientzat. Garapen horrekin konparazioak egin ahal izango dira EKObus sistemarekin, sistema hori baita Dbuseko flotan jada instalatuta dagoena.

EKObusek, euskarri gisa, tablet bat dauka, zeinak, irudi bidezko kontsignen bitartez, modu iraunkorragoan eta ezarritako ordutegiak betez gidatzen laguntzen baitu. Elkar osagarri diren bi sistema ditu: bat, modu efizienteagoan gidatzen laguntzeko, eta, bestea, autobusak elkartu ez daitezen sistema bat, geltokietako ordutegiak hobeto betetzeko.

3) Autobusen diseinu berria: mugikortasun urria duten bidaiarien autobus elektrikorako sartu-irtenak eta mugimenduak gehiago erraztea du helburu, eta horretarako autobusen espazio banaketa eta diseinua aztertzen ditu. Behin ebaluatuta hobekuntza horiek gainerako autobusetara eraman daitezke.

Proiektu honetan parte hartuta, Dbusek apustu sendoago egiten du sistema teknologiko berritzaile eta adimendunak garatzearen alde, horiekin zerbitzu hobetu ahal izateko eta kutsatzaileen igorpena murrizteko, plantillaren lana errazteaz gain, berak duen autobus sistema berritzailea eta kalitate handikorako aukera berriak esploratuz.