Berriak

Dbus-ek autobus artikulatu elektriko bat sartu du bere flotan, proba moduan

Dbusek MAN markako 18 metroko autobus elektriko bat sartu du bere flotan, eta autobus hori oraingoz proba moduan erabiliko da. Aurreikusten da martxoaren 4tik 20ra bitartean egongo dela zirkulazioan, Dbusen flotako gainerako autobusekin batera, lehenengo 17-Gros-Amara-Miramon linean eta gero 28-Amara-Ospitaleak linean.

MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa) eskatu eta hark emandako laguntzei esker Dbusen flota elektrifikatzeko abian jarri den prozesuaren aurretiazko fasean probatuko diren lehen autobus elektrikoetako bat da. Izan ere, laguntza horien aurretik, Next Generation Funtsetatik DTK-k 7.198.800 euroko dirulaguntza jasoko du, flota elektrifikatzeko kotxetegien azpiegitura elektrikoan egin beharreko eraberritze lanetarako eta 19 autobus %100 elektriko erosteko.

Ibilgailu %100 elektrikoa eta isila da, MAN LION ‘S CITY E (18) modelokoa, eta aurreko belaunaldiko ibilgailuekin alderatuta kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murriztea ahalbidetzen duen motorizazioa du. Era berean, autobus modelo berria bere barruko zein kanpoko diseinuagatik nabarmentzen da. Kanpotik kristalezko azalera handia duelako eta goiko aldean aterik ez duelako nabarmentzen da. Barrualdean nabarmena da erdiko plataformaren eta gidariaren gunearen zabaltasuna, zeinari esker bidaia askoz atseginagoa baita, ez bakarrik bidaiarientzat, baita gidarientzat ere.

Autobus berri horiekin, Dbusek flota apurka-apurka berritzen jarraitzen du, izan ere, gaur egun ibilgailuen %58 12 metroko hibridoak edo elektrikoak dira eta %25 hibridoak, eta aurrerantzean 18 metroko autobus elektriko artikulatuak ere egongo dira flotan, flota modernoa, erosoa, iraunkorra eta segurua eskaintzeko, kalitateko goreneko estandarrak eta egungo baldintzetan beharrezkoak diren neurri guztiak betez.  

Hauexek dira autobus berrien ezaugarri nagusiak:

– Aurreko 12 metroko autobus hibridoetan bezala, autobuseko barra guztiek dute geldialdia eskatzeko sakagailua, erabiltzaileek sakagailua eskuragarriago eduki dezaten. Sakagailu horiek braillez ere errotulatuta daude. Era berean, barren profila ergonomikoagoa da.

– Autobusak kartel espezifikoak eta desberdinak ditu geldialdia eskatzeko eta arrapala eskatzeko, autobuseko puntu guztietatik gehiago ikusteko moduan.  

Argitasun handiagoa ibilgailuaren barruan, sartzen den argi naturalaren eta sabaian argia islatzen duten led argiek ematen duten zeharkako argiaren bidez.

Autobus berriak USB kargagailuak dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko. 

Autobusek, halaber, DTKren eskakizun guztiak betetzen dituzte irisgarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokienez, eta %100 irisgarriak dira, zoru baxua eta sartzeko arrapala baitituzte bi aulki gurpildunetarako lekura iristeko.

 

Teknologia gehiago eta eraginkortasun handiagoa

Autobus modelo hori nabarmena da batez ere eraginkorra delako eta gutxi kontsumitzen duelako; izan ere, tamaina txikiko motor bakarra du, prestazio handikoa eta energia birsortzeko gaitasun apartekoa, gurpil kuboan zuzenean muntatutako motorrek ez bezala.