Berriak

Dbusek bere flota elektrifikatzeko duen proiektua aurkeztu du UITP-ren eta ATUC-en biltzarren baitan

Egun hauetan, garraio publikorako hitzordurik garrantzitsuenetako bi egiten ari dira Bartzelonan. Alde batetik, Global Public Transport Summit egiten ari da. Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunak (UITP) bi urtean behin egin ohi duen biltzarra da, eta munduan dauden sektoreko enpresa nagusiak biltzen dira bertan. Hitzordu horren une berean, ATUC, Espainiako garraio operadoreen elkarte nagusia, Hiri eta Metropoliko Garraioaren Urteko XXIX. Biltzarra egiten ari da. Dbusek bi biltzarretan parte hartu du, eta bietan Donostiako autobus flota elektrifikatzeko proiektua aurkeztu du.

Igor Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Gerenteak, autobus zerbitzuaren deskarbonizazio eta elektrifikazioaren inguruan antolatutako mahai inguruan parte hartu du. Mahai ingurua ATUCek antolatuta zegoen. Saioan, Donostiako autobus flotan eta Kotxetegietako instalazioetan egiten ari den elektrifikazio prozesua aurkeztu du. Eraldaketa ekologikoko prozesu horri esker, 2025ean 12 metroko flotaren %100ak ingurumena teknologia errespetutsua eta jasangarria du; izan ere, autobusen %45 elektrikoak izango dira eta %55 hibridoak.

Igor Gonzalezekin batera, mahai inguruan autobus eta erregai enpresa fabrikatzaileetako ordezkariek ere parte hartu dute, eta deskarbonizazio eta teknologia berrien garapenaren eta erregai berrien erabileraren arloan egiten ari diren aurrerapenak azaldu dituzte.


Eduardo Gonzálezek, Dbuseko Zuzendari Teknikoak, berriz, CBEP (Clean Bus Europe Platform) proiektuaren azken ekitaldian parte hartu du. UITPk sustatutako proiektua da CBEP, eta bere helburua da autobus iraunkorragoen garapenean eta ezarpenean aurrera egitea. Jardunaldian, Dbusek Donostiaren kasuaren berri eman du, Donostia elektromugikortasun proiektuaren xede hiri gisa, flota elektrifikatzeko eta instalazioak egokitzeko Konpainian egindako urratsak azalduz.