Berriak

Dbus-ek erabiltzaileen profila aztertu du zerbitzua hobetzeko

Zerbitzua hobetu eta garapen estrategiak analizatzeko helburuarekin, Dbusek azterketa bat egin du Donostiako autobusak erabili ohi dituzten pertsonen profila ezagutzeko. Azterketan kontuan hartu dira 2017an Mugi txartel pertsonalizatuekin egindako bidaia guztiak, adin tarte batzuen, generoaren, bizilekuaren eta autobus lineen arabera bereizita.

Dbuseko autobusen erabiltzaileek oso profil zehatza dute: gehienbat emakumeak dira eta batez ere 49 eta 78 urte bitarteko adin tartekoak. Batez besteko adina 51,37 urtekoa da. Ildo horretan, oso adin tarte esanguratsua osatzen dute 60 urtetik gorako adineko pertsonek. Donostiako biztanleriaren bilakaerari begiratuta, gero eta zaharragoa baita, aurreikusten da Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak gero eta nagusiagoak izango direla.

Hona hemen datu interesgarri batzuk:

 

  • Bidaiak generoaren arabera:

Gaur egun, aztertutako bidaien %70 emakumeek egindakoak dira eta gainerako %30a gizonek egindakoak, grafikoak adierazten digunez.

18 urtetik gora eta 79 urtera arte, 29 eta 38 urte bitartekoak dira autobusean bidaia gutxien egiten dutenak (%9,46). Era berean, genero arteko erabilera portzentajea are handiagoa da 49-58 urte bitarteko adin multzoan. Emakumeak %74,13 dira eta gizonak, berriz, %25,87.

49-58 urte bitartera emakumeek gero eta gehiago jotzen dute autobusa erabiltzera eta adin tarte horretatik aurrera, berriz, gero eta gutxiago.  Gizonen joera, ordea, beheranzkoa da adin tarte horretara bertara arte eta goranzkoa adin tarte horretatik aurrera.

 

  • Autobusaren erabilera txartel motaren arabera

Bidaia ordaintzeko erabiltzen den txartel motari dagokionez, bidaien %62 txartel arruntarekin egiten da. Txartel arruntaren ondoren, 65 urte baino gehiago pertsonentzako txartela, gazteentzako txartela eta txartel soziala dira, hurrenez hurren, gehien erabiltzen direnak. Gainerako txartelekin egiten diren bidaiak gutxiago dira.

Txartel guztiekin egiten diren bidaia guztietatik, ia modalitate guztietan emakumeek gizonek baino bidaia gehiago erregistratzen dute, %60 bidaia baino gehiago erregistratzen baitute. Halere, genero bien arteko aldea desberdina da txartel batetik bestera.

 

 

 

  • Eguneko lineen erabilera generoaren arabera 

28-Amara-Ospitaleak lineak (%14,29), 13-Altza lineak (%12,55) eta 5-Benta Berri lineak (%10,68) jarraitzen dute izaten bidaia kopuru gehien duten eguneko lineak. Horien atzetik, hauek dira bidaia kopuru gehien egiten dituztenak: 17-Gros-Amara-Miramon, 26-Amara-Martutene, 33-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Berio, 14-Bidebieta eta 9-Egia-Intxaurrondo.

Generoari dagokionez, emakumeek egindako bidaiak guztirakoen %70 dira, eta gizonezkoek egindakoak, berriz, %30 gutxi gorabehera. Esanguratsua da 33 linean (Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Berio linea) emakumeek egindako bidaiak gainerako lineetan baino gehiago direla, bidaien %72,91 baitira. Aldi berean, TB6 Uliako Taxibusean kontrakoa gertatzen da. Gainerako lineetan gizonak linea horretako erabiltzaileen %31-33 badira, linea honetan, berriz, erabiltzaileen %42 dira.

Hurrengo grafikoan ikusi daiteke banaketa hori.

 

  • Eguneko lineen erabilera adinaren arabera

Erabiltzaileen batez besteko adinari dagokionez, gutxi gorabehera egindako bidaien erdia, %49, 49 eta 78 urte bitarteko pertsonek egindakoak dira, eta haien batez besteko adina 51,37 urtekoa da.

Hauek dira adinez erabiltzaile nagusienak dituzten lineak:  42-Aldapa-Egia, 37-Rodil-Zorroaga 36-San Roke-Aldakonea eta 39-Urgull. Osterantzean, hauek dira erabiltzaile gazteenak dituztenak. 43-Anoeta-Igara, TB6 Uliako Taxibusa, 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete eta 25-Benta Berri-Añorga.

Lineaz linea, hau da erabiltzaileen batez besteko adina:

 

  • Gautxori lineen erabilera generoaren arabera

Hauek dira bidaia gehien erregistratzen dituzten gautxori zerbitzuak: B4-Amara-Erriberak-Martutene, B6-Altza, B1-Benta Berri-Berio-Añorga eta B3-Egia-Intxaurrondo. Gautxori zerbitzuetan gizonen eta emakumeen bidaiak eguneko lineetan baino orekatuagoak dira. Emakumeen bidaiak %57,36 dira eta gizonezkoenak, berriz, %42,64, beheko grafikoan jasotzen den moduan.

  • Gautxori lineen erabilera adinaren arabera

Gautxori lineetako erabiltzaileak eguneko lineetakoak baino gazteagoak dira. Bidaia gehien erregistratzen duen adin tartea 19-38 urte bitartekoa da. Erabiltzaileen batez besteko adina 39,43 urtekoa da.

Ondoren jasotzen da gautxori lineetako erabiltzaileen batez besteko adina:

Azpimarratzekoa da B7-Igeldo linearen zerbitzuan 18 urte edo gutxiago duten pertsonek gainerako gautxori zerbitzuetan baino bidaia gehiago egiten dutela, grafikoak adierazten digunez. Era berean, B7-Igeldo linearen erabiltzaileak batez besteko adinik txikiena duten erabiltzaileak dira, batez beste 36,50 urte baitute. Osterantzean, batez besteko adinik handiena B9-Amara-Errondo-Puio linearen erabiltzaileena da, batez beste 41,98 urte baitituzte.

Azterketa orain egin da lehen aldiz baina, ikusita atera diren emaitzak interesgarriak izan direla, asmoa da aldian-aldian egitea Dbuseko autobusen erabiltzaileen profilak eta haien premiek denboran zehar daukaten bilakaera ezagutzeko.