Berriak

Dbus-ek flota osoan inplementatuko du EKObus sistema

E-MOBASK proiektu europarraren barruan, Dbusek EKObus sistema flotako autobus guztietan inplementatzeko lanak esleitu ditu. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko munduan dagoen sistema aitzindaria da EKObus sistema. DATIK izan da inplementazio lanen lehiaketa publikoan esleipendun atera den enpresa. Enpresa teknologiko hori bera izan zen 2013an sistema garatu eta Dbuseko 5-Benta Berri, 21-Mutualitateak-Anoeta, 25-Benta Berri-Añorga eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan zerbitzua ematen duten 32 autobusetan inplementatu zuena.

Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batek eta anti-bunching sistema batek (autobusek bat ez egiteko sistema) osatzen dute EKObus sistema. Gidariari laguntzen dio bere gidatzeko era ekonomikoa eta ekologikoa izan dadin, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta. Sistemak gidatzearen hainbat alderdi monitorizatzen ditu, eta gehiegi kontsumitzen ari denean gidariari jakinarazten dio pantaila txiki baten bitartez. Ordutegiak betetzen ere laguntzen dio gidariari, linearen maiztasuna mantentzen saiatzeko. Garapen berri honetan, zeina 2019ko udaberrian funtzionamenduan egotea espero baita, sistemak hobekuntzak eta funtzionaltasuna berriak edukiko ditu.

Esleipenak 264.537,20€-ko kostua dauka, aurreikusitako lizitazio oinarria baino %13,27 kostu txikiagoa, alegia. Neurria E-MOBASK proiektu europarraren zatia da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Horrela, sistema autobus guztietan inplementatu ahal izango da, linea guztien puntualtasuna hobetuta eta kontsumoak eta igorpenak murriztuta, orokorrean. Izan ere, aurreikusten da sistema flota osora zabalduta igorpen kutsatzaileak %5-6 txikiagoak izango direla.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Dbusen flota ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat da. 12 metroko 3 autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido dauzka, Start-Stop sistemari esker modu hibridoan ere funtzionatzen duten bi autobus dieselez aparte. Era berean, bi proiektu pilotu egiten ari da probatzeko, alde batetik, Irizarrek egindako 18 metroko lehen autobus %100 elektriko artikulatua, zeinak geltokian aukera karga egin beharko duen, eta, bestetik, CAF Taldeko Vectia enpresak egindako autobus hibrido-elektriko bat. Era berean, urtea amaitu baino lehen Dbusek 14 autobus hibrido gehiago sartuko ditu bere flotan. Horrela, laster flotaren %45 elektriko-hibridoa izango da.