Berriak

Dbus-eko bidaien gorakada historikoa

2018an, 29.168.562 izan dira Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak (behin-behineko datua), eta aurreko urtean, berriz, 28.402.059 bidaia erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidai kopuruak igoera handia eduki duela, urtean 766.503 bidaia gehiago egin baitira. 2000tik egon den igoerarik handiena izan da, eta orain arteko bigarren bidai kopururik handiena, 2012an  29.216.698 bidaia erregistratu ziren eta.

Uztailaren hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon den arren eta horren ondorioz denbora tarte horretan autobusek 34.000 bidaia gutxiago egin badute ere, 766.503 bidaia gehiago egon dira azkenean, 24-27-41 lineek egin behar izan dituzten ibilbide alternatiboei esker.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Dbusen zerbitzuen erabilerak lanegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan eta gautxori zerbitzuetan ere egin duela gora, 2013ko martxoan Gipuzkoan tarifa bateratuta abiarazi zenetik errekor historikoa lortuta.

Horrenbestez, datu horiekin, Dbusek tarifa bateratu aurretik garraio publikoaren erabileran zuen maila eskuratu du berriro, jakinda 2011n izan zuela erabilera mailarik  handiena 2004tik etengabe igotzen aritu ondoren.

Mugikortasuneko zinegotzi Pilar Aranak oso ondo baloratu du 2018an erregistratu den bidai gorakada, eta azpimarratu du “Dbuseko autobusen erabilera maila altuari esker hiria lehenengo lekuan dagoela garraio publikoaren erabilerari dagokionez. Nabarmendu du, halaber, erabiltzaileak oso pozik daudela Dbusek ematen duen zerbitzuarekin, zerbitzu eraginkorra eta gero eta iraunkorragoa baita, flotan sartu dituen autobusak modernoagoak eta garbiagoak direlako”.

 

2018a zenbakitan

2018an linearik erabiliena 28-AMARA-OSPITALEAK linea izan da, 4.141.657  bidaiarekin, eta ondoren 13-ALTZA linea 3.659.161 bidaiarekin eta 5-BENTABERRI linea 3.098.813 bidaiarekin.

Abuztua izan da autobusa gehien erabili den hilabetea, 2.599.594 bidaiarekin (Donostian Dbus autobusen hileko erabilerari dagokionez inoizko kopururik handiena), eta horren atzetik uztaila, 2.526.588 bidaiarekin, urria, 2.498.588 bidaiarekin, eta iraila, 2.490.072 bidaiarekin.

Igoera nahiko homogeneoki erregistratu da urte osoan zehar, izan ere, neguko hilabeteetan zein udakoetan erabili da gehienbat autobusa oro har. Zalantzarik gabe, eman den zerbitzu onak eragin du horretan, nagusiki puntualtasunaren aldetik izandako indize altuengatik eta zerbitzuan lortutako abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hirian mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat.

Urteko egun hauetan erabili da gehien autobusa: abenduaren 21ean (San Tomas) 120.193 bidaiarekin (horixe da, hain zuzen, Donostian garraio publikoa erabili deneko zifra historikorik handiena); urtarrilaren 19an (San Sebastian bezpera), 115.837 bidaiarekin; abuztuaren 14an (Ama Birjinaren egunaren bezpera), 112.752 bidaiarekin; urriaren 31n (Halloween gaua), 106.386 bidaiarekin; azaroaren 23an (Black Friday), 102.019 bidaiarekin; abenduaren 5ean, 101.637 bidaiarekin; eta abenduaren 20an, 100.991 bidaiarekin.

Bide beretik, bada beste datu positibo bat: Gautxori zerbitzuaren erabilera nabarmen handitu da, 210.248 bidaia erregistratu baitira; alegia, aurreko urtean baino 20.625 bidaia gehiago (%11ko erabilera hazkundea).

Autobus erabileraren batez bestekoa igo egin da bai lanegunetan (eguneko 91.651 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 90.255 bidaia izan ziren) bai larunbatetan (eguneko 69.553 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 65.829 bidaia izan ziren), bai eta jaiegunetan ere (eguneko 43.167 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 41.435 bidaia izan ziren).

2019an ere, donostiarren konfiantza hobetzeko lanean jarraituko dugu Dbusen. Donostiako herritarrek garraio publikoaren alde egindako apustuari eta Dbus osatzen duten pertsonek egunetik egunera zerbitzua hobetzeko egindako lanari esker erreferentzia gara sektorean.