Berriak

Dbus, “Urrezko Kriskitina” sarirako izendatuta, bere garraio irisgarriagatik

Dbus izendatu dute ONCEk ematen duen “Urrezko Kriskitina” sarirako 2013ko edizioan, pertsona guztientzat irisgarriagoa den garraio publikoaren aldeko hartutako konpromisoagatik. Informazio paneletan eta autobusen kanpoaldean instalatu berri duen soinu bidezko informazioari esker eta autobusen barrualdeko informazio sisteman egindako hobekuntzari esker, itsuak eta ikusmena urritua dutenak Dbuseko autobusetan garraiatu daitezke orain, autonomia eta segurtasun handiagoz.

Geltokietako informazio paneletako audio bidezko informazio sistema jada martxan dago Boulevardeko geltokietan zein Askatasunaren hiribidekoetan, eta poliki-poliki gainontzeko paneletan jartzen ari dira. Autobusen kanpoaldean, berriz, audio sistema jada martxan dago 5 eta 28 lineetan, eta datozen hiletan gainontzeko lineetan ezartzen joango da.

Saria maiatzaren 26an emango da Añorgan, Olatu Talka jaialdiaren baitan “Gizarte inlusiboaren alde” antolatuko den Kaskabiloen XII. Lasterketa amaitu eta gero, eta sarirako DYA erakundea eta TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa ere izendatuta daude. Saria erabiltzaileengandik puntu gehien jasotzen duen erakundeari emango zaio; hori dela eta, web orri bat ezarri da, erabiltzaileek bozkatu dezaten.

> Web orrira joan