Berriak

Dbusek 12 metroko bederatzi autobus berri edukiko ditu bere flotan

Datozen egunetan, Dbusek 12 metroko bederatzi autobus erosteko lizitazio prozesuari ekingo dio. Autobusak 2019an erosiko dira, eta 2020an jarriko dira zerbitzuan. Espero da ibilgailuen erosketa honen esleipena datozen hilabeteetan egin ahal izatea, eta datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten beste 30 autobus gehiago ere erosi ahal izatea.

Lizitatuko diren autobus berriek Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak beteko dituzte, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak edukiko dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Lizitazioan bi lote bereiziko dira, autobusen teknologiaren arabera, izan ere, dieselak izan daitezke edo gutxienez DGTaren ECO etiketa edukiko duten autobusak, hala nola autobus hibridoak, hibrido-elektrikoak, gasezkoak, etab., etiketak dieselaren alternatiba den energia-iturria dutela adierazten baitu. Horrez gain, erregaiaren aurrezpena, igorpen kutsatzaileen eta kutsadura akustikoaren murrizketa eta funtzionaltasun batzuk edukitzea (start&stop eta start&go sistemak eta gidatze erosoa, besteak beste) baloratuko dira.

Azken urteetan, Dbus ahalegin handia egiten ari da bere flota apurka-apurka berritzeko. Autobus berri horiei Dbusek berriki zerbitzuan sartu dituen 12 metroko 14 autobus hibridoak gehitu behar zaizkie, MAN etxearen  Lion’s City NL HÍBRIDO (A37) modelokoak baitira. Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus hauen erosketak.

Gaur egun, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta 38 autobus hibrido, eta horietatik 19 Solaris etxearenak dira eta 19 MAN etxearenak.  Ildo horretan, autobus berriak sartuta, aurreikusten da 2020an 12 metroko autobusen %50 gutxi gorabehera elektriko-hibridoak izango direla eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat izango dela. Aurreikusten da, baita ere, urtean  1.000 tona CO2 gutxiago igorriko direla.