Berriak

Dbusek Japoniako Toyama hiriko ordezkaritza baten bisita jaso du

Dbusek Japoniako Toyama hiriko ordezkaritza baten bisita jaso du bere instalazioetan. Ordezkaritzak, teknikariek osatuta zegoenak, Kotxetegietako instalazioak ezagutu ahal izan ditu, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatu ere bai.

Bisitan zehar, SAE ustiapenerako laguntza sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute, bai eta Dbusen ticketing sistemaren funtzionamendua ere, bereziki EMV kontakturik gabeko banku txartelaren bidez ordaintzeko Dbusen autobus linea guztietan instalatuta dagoen sistema. Sistema berritzaile horri esker, kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaindu daitezke noizbehinkako bidai txartelak. Gidatzen laguntzeko EKObus sistema ere ezagutu dute. Sistema aitzindari hori ere Donostiako flota osoan dago erabilgarri. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batez eta anti-bunching sistema batez (autobusek bat ez egiteko sistema) osatuta dago. Gidariari laguntzen dio era ekonomikoan eta ekologikoan gidatu dezan, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta eta, aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantenduta.

Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du, geltokian dauden erabiltzaileen kontaketaren ia kontrol zehatza egiteko aukera ematen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big datatik abiatuta Konpainiaren autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen programa berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaiak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Bisitan, halaber, Dbus flotako autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu dute, eta ibilgailu horien karga sistema ikusi. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta 57 autobus hibrido. Ibilgailu horiek garbiak dira eta ingurumenarekiko errespetutsuak, eta erabiltzaileek oso ondo baloratzen dituzte.

Ordezkaritza harrituta geratu da  Donostiako hiriko BRTaren (Bus Rapid Transit) operatibarekin. Bus sistema hori, funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera eskaintzen dituena. Gaur egun Dbusek BRT sistema dauka bere bi lineatan, zehazki 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Garraio kolektiborako sistema berritzailea eta adimenduna da, eta Dbuseko autobus sareko gainerako autobusekin bikain integratuta dago. Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Azkenik, bisitan zehar, Japoniako ordezkaritzak bizikleta alokatzeko Dbizi sistema ezagutu ahal izan du, 2020ko abenduan eguneratu zenetik beste hiri batzuetarako erreferentziazko sistema bihurtu baita. Aurten 600.000 bidaia egin dira dagoeneko, eta 2021eko zifrak gainditu dira,12 hilabeteetan 468.000 bidaia erregistratu ziren-eta. Era berean, abonatuen errekor berria erregistratu da, 8.300 abonatu baitaude.