Berriak

Dbusek mugikorretarako duen App-aren bertsio berria kaleratu du, hobekuntza ugarirekin eta funtzionaltasun berriekin

app_cartel_biDatozen egunetan Dbuseko erabiltzaileek smartphoneetarako Dbusen app ofizialaren bertsio berria deskargatu ahal izango dute. Bertsio berriak hobekuntza ugari eta funtzionaltasun berriak ditu, eta aldaketa horiek denek bere funtzionamendua optimizatzen dute eta zerbitzu berriak eskaini, nabigazioa errazagoa, azkarragoa eta intuitiboa izan dadin.

Bertsio berria doakoa da eta jada eskuragarri dago Android-eko online dendan. Laster iOS-eko online dendan ere deskargatu ahal izango da. Gainera, Windows Phone-rako app-aren bertsio bat ere sortu du. Bertsio hori datozen egunetan egongo da eskuragarri Microsoft Storen.

Dbusek 2014aren amaieran kaleratu zuen bere app-a eta jada ia 60.000 deskarga egin dira. Deskarga gehien dituen udal aplikazioetako bat da.

Aplikazioak Dbuseko lineen eta haien ibilbideen eta ordutegien gaineko informaziorik osotuena ematen du, eta zerbitzuaren informazioa kontsultatzeko erabiltzaileek duten tresnarik praktikoenetakoa da. Ildo horretan, egin diren hobekuntza asko erabiltzaileek beraiek egindako proposamenetatik eta iradokizunetatik sortu dira.

Egin diren hobekuntzetatik, hauek nabarmentzen dira:

– Autobusen iritsiera alertak: erabiltzaileek alertak edo alarmak programatu ditzakete, Dbuseko zerbitzuak beraiek aukeratutako geltokietara iristen direnean app-ak horren berri eman diezaien, erabiltzaileek beraiek aukeratutako aurrerapenez. Horrela, bidaiak hobeto planifikatu ditzakete.

Mugi txartela kargatzeko gunerako sarbidea: atal honek Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintaritzaren web gunera eramaten du, erabiltzaileek txartelak online kargatu ahal ditzaten.

Era berean, Dbuseko autobusetan ordaintzeko makinak berritu direnez, jada aktibatu daitezke MUGI txartel pertsonalizatuetan Internet bidez egindako kargak. Sistema horrek, Lurraldebuseko hiri arteko autobusetan instalatutakoak ez bezala, txartelen karga automatikoki aktibatzen uzten du gidariak esku hartu beharrik gabe. Karga 23:00ak baino lehen egin behar da hurrengo eguneko lehen ordutik (5:30 h) Dbuseko autobus guztietan erabilgarri egon dadin eta erabiltzaileek karga hori erabili ahal dezaten.

– Linea bakoitzari buruzko informazio osatuagoa: linea bakoitzaren grafikoa ematen du, geltokietako informazioan agertzen den moduan, eta linea bakoitzaren irteera guztien informazioa ere ematen du, linearen ibilbideaz gain.

Hizkuntzaren aldaketa app-ean bertan: orain arte kontsultarako hizkuntza mugikorrean ezarrita zegoen hizkuntzaren menpe zegoen. App-aren bertsio berriarekin, hizkuntza aldatu daiteke “Ezarpenak” atalean. Horrela, erabiltzaileek errazago erabili ahal izango dute. App-a euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri.

– Geltokietara iristeko denborari buruzko informazioa soinu bidez:  geltoki bateko iritsiera denborak kontsultatzean agertzen den “Ahotsa” botoiari sakatuta kontsultatu daiteke. Funtzio honek soinua erreproduzitzeko beste programa batzuk behar ditu, eta autobusen iritsiera orduen eta zerbitzu horien helmugaren gaineko informazioa soinu bidez jasotzeko aukera ematen die horren premia dutenei.  

Oso funtzionaltasun praktikoa da adineko pertsonentzat edo dibertsitate funtzionala dutenentzat, eta beste sistema batzuen osagarria da, hala nola itsuentzako edo ikusmen urria dutenentzako soinu bidezko informazio sistemarena, zeinak urrutiko aginte baten bidez autobusen iritsiera orduen berri ematen duen, bai paneletan bai autobusa geltokira iristean, eta autobusaren barruan ere, hurrengo geltokiaren abisu sistema martxan jarri ahal izateko.

Hurrengo zerbitzuei buruzko informazio zabaldua: praktikotasuna dela eta, ordutegiak kontsultatzen direnean app-ak kontsultatutako orduan aurreikusten diren zerbitzuez gain kontsultatutakoa baino ordubete lehenago eta ordubete geroago aurreikusten diren zerbitzuen gaineko informazioa ere ematen du. Bertsio berriarekin, kontsultatu diren orduak azken zerbitzukoak badira, linearen ordutegi guztiak kontsultatzeko aukera egongo da. ikusteko zer irteera dituen linea horrek.

– Iritsiera denboren gaineko informazioa hobetzea: orain arte, iritsiera denborak adierazteko zerbitzuak geltoki jakin batera iristeko falta ziren minutuak ematen ziren. App-aren bertsio berriarekin, benetako iritsiera denborak ez ezik planifikatutako denborak ere ematen dira, benetako informazio eduki ezean. Benetako informazioa eta planifikatutako informazioa bereizteko, lehenengoa minututan emango da eta bestea, hau da, planifikatutakoa, orduak eta minutuak adieraziz.

Informazio sistemaren hobekuntza hau autobusak geltokietarako iristeko falta zaizkien denborak ematen dituzten beste euskarri batzuetan ere garatu da, hala nola, geltokietan bertan dauden panel elektronikoetan, autobusen barruko pantailetan eta web orrian.

– Aplikazioa nola erabili jakiteko tutoriala: “Informazioa” atalean, erabiltzaileek bideo bat dute ikusteko nola funtzionatzen duen app-ak, modu errazean azalduta. Bideoa ikusteko aukera egongo da, halaber, app-a lehenengo aldiz deskargatzen denean edo aplikazioaren eguneraketa egiten denean. Bideoa ikusgai dago, baita ere, Dbusen Youtube kanalean.

– Menu nagusiaren azalpen testu berriak: “Alarma”, “Karga” edo “Ezarpenak” ikonoak dira. App bertsio berriaren funtzionaltasun berriei dagozkien ikonoak dira. Gainera, azalpen testu guztiei beste testu bat gehitu zaie, errazago identifikatzeko. 

Beste hobekuntza batzuk: gogoko geltokien aukeraketa errazagoa, ibilbideak sinplifikatuta, nabigazio errazagoa eta urrats gutxiagorekin, etab. 

App-aren bertsio berri hau teknologiak berrituz Dbus zerbitzua hobetzeko zein erabiltzaileak hobeto informatzeko eta ingurumenarekin arduratsuagoa den garraio publiko bat bultzatzeko egiten ari den lanetako bat da.

Mugi txartelen kargak aktibatzea Dbuseko autobusetan

Jada aktibatu daitezke Dbuseko autobusetan internet bidez egiten diren MUGI txartel pertsonalizatuen kargak.

– Mugi txartel hobaridun berri bat erosterakoan, lehenengo karga kiosko batean egin behar da, eta gutxienez behin bidaiatu txartel horrekin. Ondoren, Mugi-ren webgunean erregistratu eta txartela bertatik kargatu ahal izango da, ondoren Dbusen karga hori aktibatzeko.

– Kargak MUGIren webgunean egin behar dira. Dbusen mugikorretarako app-aren bertsio berriak MUGIren webgunerako esteka bat dauka eragiketa errazteko, baina kargak ez dira Dbusen webgunean egingo, ez eta Dbusen app-ean ere.

Karga 23:00ak baino lehen egin behar da, hurrengo egunean Dbuseko autobusetan aktibatu ahal izateko. Kargak 23:00ak igaro eta gero egiten badira, egun bat geroago egongo dira operatibo.

– Gidariaren postuaren ondoan kokatuta dauden txartel makina berrietan baino ez dira aktibatuko kargak. Txartelak ezingo dira balioztatzeko gainerako makinetan aktibatu.

Norbait gurpildun aulkian edo haur aulki batekin igotzen bada autobusera, beharrezkoa izango da pertsona bera edo beste norbait gidariaren ondoko txartel makinara hurbiltzea karga aktibatu ahal izateko.

– Makinetan txartelen diru kargak aktibatu daitezke, baina EZIN DA diru kargarik egin.

– Diru karga bat aktibatzen den bakoitzean, txartel makinak saldoaren egiaztagiri bat inprimatuko du, eta erabiltzaileak eskatu ezean gidariak gordeko du egiaztagiria.

– Erabiltzaileak bidaia txartelarekin ordaintzen duen unean bertan aktibatzen da diru karga.  Ez da beharrezkoa aparteko ezer egitea, ez eta gidariak esku hartzea ere, beste operadore batzuetan hala bada ere.