Berriak

Donostiako Udalak kanpaina bat abiarazi du Dbusen autobusen bidez GGEE-en Aldarrikapen Unibertsala aditzera emateko

Uztail-abuztuetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko artikulu banarekin “jantziko” dira Dbuseko 30 autobus. Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak onartu zituen, 1948an. Diseinatzaile profesionalek kartel bidez eginiko artelanez ilustratuta egongo dira 30 artikuluok —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—. EHUk bultzatzen duen Giza eskubideei begira erakusketa kolektiboa eratzen dute kartelek.

Giza Eskubideen Bulegoak antolatu du ekimena, eta helburu du dokumentu horretan jasotako balio eta eskubideak aditzera ematea, aipatu agiri hori mugarritzat baitute Giza Eskubideen historian, aurreneko aldiz, mundu osoan eta pertsona guztientzat babestu beharreko oinarrizko eskubideak ezarri zituelako. Dokumenturik itzuliena da munduan, 500 hizkuntzatan baino gehiagotan eskuragarri baitago.

Kanpainaren aurkezpenean Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, garrantzitsua da herritarrak jakitun jarri eta sentikor bihurtzea gizakiok ditugun askatasun eta eskubideez, ez dela inor berezi behar “arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”, aldarrikapenak berak jaso bezala.

Ibilbide pedagogikoa eta argitalpena

Eneko Goiak gogorarazi bezala, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Eskerrak Giza Eskubideei erakunde arteko ekimenean sartzen da. Hartan, Autonomia Erkidegoko hiru hiruburuetako udalek, foru aldundiek, EUDELek eta EHUk parte hartzen dute, eta helburu du giza eskubideak sustatzea, aldarrikatzea eta babestea.

“Ikusizko formatu ibiltari hori eta udaldia aukeratu dituzte mezua  gera dadin uda honetan bisitari etorriko zaizkigun hamaika eta hamaika lagunengan. Donostia Giza Eskubideen alorrean erreferentziazko hiri konprometitua delako, eta ekin eta ekin horretan jarraituko dugulako eginkizun  horretan”.

Gainera, ekinaldi honetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala poltsiko argitalpen batean berrargitaratuko du Donostiako Udalak, ikastetxeetan eta herritarren artean banatzeko, abenduaren 10aren inguruan, aldarrikatu izanaren 70. urteurrena betetzeko delako.   Gainera, ospakizun horrekin batera, ibilbide pedagogiko bat eratuko dute Aiete parkean, hain zuzen ere, aldarrikapenaren 30 artikuluak aditzera eman eta haien gainean gogoeta egitera gonbidatzeko, “joandako urteak gorabehera, erreferente etikoa izaten jarraitzen du, estatu, herri eta nazioetarako. Eta indarrean dirau, zoritxarrez —deitoratu du alkateak—, egunetik egunera eskubide horiek urratzen jarraitzen dutelako mundu osoan”.