Berriak

Egindako azken hobekuntzen ondoren, hazkunde handia erregistratu da Dbus-eko 35 linearen bidai kopuruan

Pasa den apirilaren 1ean Dbusek hainbat hobekuntza jarri zituen martxan autobus linea batzuetan. 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak linea da horietako bat. Linearen maiztasuna bikoiztu egin da lanegunetan Antiguo-Aiete-Ospitaleak loturan, eta, gainera, beste ibilbide gehigarri bat dauka, Errotaburu eta Matia Zentroa Antiguorekin, Aieterekin, Miramonekin eta Ospitaleekin lotzeko. Lehen hilabete honetan, balorazioa oso positiboa izan da, lanegunetako erabiltzaile kopuruak gutxi gorabehera %31 egin baitu gora.

2018ko apirileko datuekin alderatuta, orduan 12.131 bidaia erregistratu baitziren, pasa den apirilean 14.175 bidaia kontabilizatu ziren linean. Hazkundea erregistratu da, pasa den urtean Aste Santua martxoan eta aurten apirilean izan bada ere. Beraz, 2019ko apirilean jaiegunak gehiago izan arren, bidaiak gehiago izan dira eta batez ere erregistratu dira Tolosako Hiribidean, Europa Plaza eta Errotaburu artean.

Era berean, asteko egunaren arabera egin diren bidaien batez bestekoa 664koa izan da lanegunetan (506 bidaia 2018an), 154koa larunbatetan (150, 2018an) eta 132koa igande eta jaiegunetan (121, 2018an). Hori horrela, beraz, asteko egun guztietan erregistratu da, hazkundea, baina bereziki lanegunetan, lerroan egindako hobekuntzekin batera.

Lanegunetan 35 linea 60 minutuko maiztasuna izatetik egungo 30 minutuko maiztasuna izatera igaro da, eta bi ibilbide ditu: alde batetik, Arriolatik, Antiguotik, Aietetik, Miramonetik eta Ospitaleetatik doan ibilbidea; eta, bestetik, ibilbide berria, Errotaburutik, Antiguotik, Aietetik, Miramonetik eta Ospitaleetatik doana, zeina Matia Zentrotik ere irteten baita. Horrela, Antiguo-Aiete-Ospitaleak loturak beti dauka 30 minutuko maiztasuna.

Apirilaren 1ean ere hobekuntzak egin ziren 26-Amara-Martutene linean eta 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete linean. 26 linean, lanegunetan maiztasuna 15 minutukoa izatetik 12 minutukoa izatera igaro da, eta 45 linean, berriz, ibilbidea luzatu da Aieten, Pagola eta Andoain aldeetan zerbitzua emateko, puntu hori Antiguarekin, Erdialdearekin eta tren eta autobus geltokiekin konektatuta.