Berriak

Emakundek antolatu duen enpresetako berdintasunari buruzko jardunaldi batean parte hartu du Dbusek

BAI SAREAren Soldata Arrakalaren lantaldeak garatutako lan bati buruzko hitzaldi bat eman da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak enpresetako berdintasunaren alorreko aurrerapenei buruz antolatu duen jardunaldi batean, eta hitzaldi horretan parte hartu du Dbusek.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza erakundeen sarea da BAI SAREA, eta Emakundek sustatua da, lan eremuan berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko. Soldata Arrakalaren lantaldean, zehazki, sarea osatzen duten erakunde guztiek beren enpresetan duten egoera aztertzeko eta soldata arrakala murrizteko neurriak abian jartzeko baliagarri dituzten tresnak lantzen dira.

Jardunaldi honetan, DBUSeko Langile eta Giza Baliabideen arduradun Nerea Diezek soldata arrakalari buruzko lana aurkeztu du hainbat arlotako enpresen aurrean. Duela gutxi, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloko neurriak jasotzen dituzten bi arau argitaratu dira (urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua), eta horien helburua da berdintasun planak erregelamendu bidez garatzea eta neurri bereziak ezartzea emakumeen eta gizonen artean tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako eskubidea gauzatzeko ordainsarien alorrean.

Emakunderen zigilua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa

2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako eta Soldata Arrakalaren lantaldeko partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.