Berriak

Grupo Avanzaren ordezkaritza bat Dbusen, bisitan

Gaur, Dbusek Grupo Avanzaren ordezkaritza baten bisita jaso du bere instalazioetan. Errepide bidezko bidaiarien garraio sektoreko operadore nagusietako bat da Grupo Avanza. Ordezkaritzako lagunek Kotxetegien instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu.

Bisitan zehar, SAE ustiapenerako laguntza sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute, bai eta Dbusen ticketing sistemaren funtzionamendua ere, bereziki EMV kontakturik gabeko banku txartelaren bidez ordaintzeko Dbusen autobus linea guztietan instalatuta dagoen sistema.   Sistema berritzaile horri esker, kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaindu daitezke noizbehinkako bidai txartelak. Gidatzen laguntzeko EKObus sistema ere ezagutu dute. Sistema aitzindari hori ere Donostiako flota osoan dago erabilgarri. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batez eta anti-bunching sistema batez (autobusek bat ez egiteko sistema) osatuta dago. Gidariari laguntzen dio era ekonomikoan eta ekologikoan gidatu dezan, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta eta, aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantenduta. Euskal Eurohirian garraio publikoa sustatzea helburu duen E-MOBASK proiektu europarraren barruan sartzen dira sistema biak.

Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du, geltokian dauden erabiltzaileen kontaketaren ia kontrol zehatza egiteko aukera ematen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big datatik abiatuta Konpainiaren autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen programa berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaiak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Ordezkaritza harrituta geratu da  Donostiako hiriko BRTaren (Bus Rapid Transit) operatibarekin. Bus sistema hori, funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera eskaintzen dituena. Gaur egun Dbusek BRT sistema dauka bere bi lineatan, zehazki 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Garraio kolektiborako sistema berritzailea eta adimenduna da, eta Dbuseko autobus sareko gainerako autobusekin bikain integratuta dago.

Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain.