Berriak

KaTy robota Dbus-eko autobus batean joan da Donostia Ospitalera haurrei bisita egitera

Gaur, otsailak 15, Haurren Minbiziaren Nazioarteko Eguna da eta, hori dela-eta, Dbuseko autobus elektriko batek gaur arratsaldean Donostia Ospitalera eraman du KaTy robota, Star Warseko beste pertsonaia batzuekin batera, ospitaleko Pediatria Unitatean gaixorik dauden haurrak bisitatzeko.

Gaurkoarekin Dbusek bigarren aldiz parte hartu du ekitaldi horretan. Ekitaldia Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatu du Osakidetzarekin eta ASPANOGIrekin elkar lanean (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea). KaTy edo R2-KT Star Wars filmetako R2-D2 robotaren arrosa koloreko bertsioa da eta ThePinkForce komunitate donostiarrak sortutakoa da. Talde hori George Lucasen sagaren jarraitzailea da eta R2 eraikitzaileen klubeko kide. Gainera, munduan R2-KTren hiru erreplika bakarrik daude baimenduta eta KaTy da horietako bat. Ekitaldia “#ThePinkForce” haurren minbiziaren aurkako borrokaren aldeko kanpainarekin dago lotuta.

R2-KT robota eta haurren minbiziaren aurkako borrokarekin duen lotura

Ekitaldi horren jatorrian Albin Johnson dago, 501 Legioaren sortzaileetako bat. Legio hori nazioarteko elkarte bat da, kalitate zinematografikoko Star Warseko jantzien inguruan sortutakoa eta ekitaldi solidarioak laguntzen dituena. 2004an minbizia diagnostikatu zioten bere alaba Katieri eta Albin Johnsonek, elkarteko beste kide batzuekin batera, R2-KT robota sortu zuen bere alabari laguntzeko.

Une horretan, robota minbizia zuten haurren ikur bihurtu zen eta ordutik 501 Legioak eta R2-KT robotak, Star Wars komunitatearekin batera, gaixotasun horren aurkako borrokan laguntzen dute, mundu mailan haurren minbiziaren aurkako borrokan ikur bihurtuta.