Berriak

Dbus – Koronabirusaren gaineko informazioa

Dbus, Donostiako Udalarekin koordinatuta eta COVID-19aren bilakaerari erantzuteko, osasun alorreko agintaritzak unean-unean ematen ari diren neurriak hartzen ari da, eta egoeraren etengabeko jarraipena egiten, Donostiako autobus zerbitzuetan lanean ari diren pertsonentzat eta zerbitzu horien erabiltzaileentzat informazioa eman eta prebentzio neurriak ezarri ahal izateko.

Hauek dira une honetan hartzen ari diren neurriak:

Lantalde bat eratu da Konpainian, Donostiako Udalean eratutako jarraipen taldearekin koordinatuta. Dbus erakundeekin eta garraio sektorearekin harremanetan dago etengabe, egoeraren jarraipen etengabea egiteko.

– Koronabirusaren aurkako gomendioak eta prebentzio neurriak jakinarazteko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarri duten informazio kanpainaren zabalkundea egiten ari da.  Informazio kartelak jarri dira autobusen erdiko aldean, eta informazio hori bera ematen da ibilgailuen barruko pantailetan. Dbusen instalazioetako hainbat gunetan ere badago ikusgai kartel hori, erabiltzaileek zein Konpainiako langileek beraiek informazioa eskura eduki dezaten. 

Kanal digitaletan ere ematen ari da informazioa, esaterako, Dbusen web orrian eta sare sozialetan.

Garbiketa eta desinfekzio lanak indartzen eta areagotzen ari dira autobusetan eta Dbusen instalazioetan, produktu bereziak erabiliz eta langile gehiago jarriz. 

Konpainiako langileei hartu beharreko prebentzio neurrien berri eman zaie, esaterako, eskuak sarri eta ur eta xaboiarekin garbitu behar dituztela. Era berean, langileei jakinarazi zaie zer egin behar duten sintomak edukiz gero, bai eta Osasun Kontseiluaren telefono zenbakia (900 20 30 50) eta egoera horretan egonez gero enpresari jakinarazi beharko diotela ere. Langileen ordezkariei ere bidaltzen eta ematen ari zaie informazioa.

– Berehalako neurri gisa, eskularruak ematen ari zaizkie gidariei. Era berean, gestioak egiten ari dira ahalik eta lasterren gel desinfektatzaileak entregatzeko, gidari ari diren lanaldietan eskuak garbitu ahal ditzaten. Gidari postua garbitzeko produktuak ahalik eta lasterren entregatzeko ere gestioak egiten ari dira.

Horrez gain, bihartik aurrera, martxoak 14, larunbata, garraio publikoan sartzeko eta garraio publikoa erabiltzeko  jarraibide hauek bete beharko dira:

1) Erdiko atetik sartuko da autobusera. Ezin izango da aurreko atetik sartu. Aurreko ateetan argibide kartelak jarriko dira.

2) Autobusaren erdiko atean dagoen baliozkotzeko makinan baino ezingo da ordaindu bidaia. Mugi txartelarekin (Mugi txartelaren edozein modalitate) eta turista txartelekin (San Sebastian Carde eta Basque Card) ordainduko da. Ezingo da eskudiruz ordaindu, ez eta aurreko makinak erabili. EMV kontakturik gabeko banku txartelekin eta Bat eta Barik txartelekin ordaintzeko aukera ere ez da egongo.

3) Ezin dira aurreko bi eserlekuak erabili, gidariaren postutik hurbilen dauden eserlekuak baitira. Zinta batekin mugatuko dira.

Neurriak eguneratu ahala langileei jakinaraziko zaizkie.

Dbusen informazio eta prebentzio lan hauek egiten jarraitzen dugu, zerbitzuen erabiltzaileei eta Konpainiako pertsonei zuzenduta, haien ongizateari lehentasuna emanda. Pertsona guztiei gogorarazten diegu, halaber, osasun alorreko agintaritzen emandako jarraibideak bete beharra dagoela. 

Gautxori zerbitzuak bertan behera geratuko dira

Koronabirusari aurre egiteko koordinatuta lan egiten duten erakundeen esanei erantzunez, Dbusek eta Donostiako Udalak premiaz erabaki dute gautxori zerbitzuak bertan behera uztea, berriro abisatu arte.

Gaur larunbata, martxoak 14, ez da gautxori zerbitzurik izango.

Autobusetan mugi txartelarekin ordaintzea 

Koronabirusak sortu duen egoera dela-eta, aldatu egingo da Dbuseko autobusetan ordaintzeko sistema. Aldaketa horiei buruzko informazioa: https://www.dbus.eus/berriak/autobusetan-mugi-txartelarekin-ordaintzea-covid-19/