Berriak

Next Generation funtsek onartutako laguntza eskaeren lehen lizitazio orriak argitaratu ditu DTK-k

DTK-k Flota elektrifikatzeko kotxetegien azpiegitura elektrikoan egin beharreko eraberritze lanak egiteko eta Dbuseko flotarako 19 autobus %100 elektriko erosteko lizitazio orriak argitaratu ditu Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean (EBAO). Emisio gutxiko guneak ezartzeko eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digitala eta iraunkorra egiteko Garraio, Mugikortasun eta Ingurumeneko Ministerioak onartutako proiektuak dira.

Lizitazio orriak, halaber, Illunbeko disuasio aparkalekuaren eta hiriaren erdigunearen artean ibiliko den 12 metroko autobus lantzadera elektrikoa erosteko izango dira. Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan aurkeztu eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak onartutako proiektua da.

Ministerio bien dirulaguntzak Europako Next Generation funtsen baliabideekin finantzatuta daude.

Lizitazio horien helburua da, lehenengo, Kotxetegien eraikin nagusiko autobus plazak eta ibilgailu mota guztiak (12 metrokoak, artikulatuak, mikrobusak, furgonetak eta autoak) elektrifikatzea ahalbidetuko duen azpiegitura elektriko bat edukitzea, 119 plaza elektrifikatu edukitzeko aukerarekin. Plaza horiek hauek lirateke: 26 autobus artikulatu, 12 metroko 88 autobus, eta 5 mikrobus, zerbitzuko furgonetetarako 6 plaza elektrifikatuez gain. Eta bigarrenik, 20 autobus %100 elektriko martxan jartzea, horiekin urtero eguratsera 1.800 tona CO2 gutxiago igortzea saihestuta.

Bi jarduketek 17.711.000 euroko aurrekontua dute guztira (BEZa sartu gabe), honela xehakatuta:

  • Proiektua idatzi, obra egin eta karga ekipamendua hornitu eta muntatzeko zerbitzuak, harik eta kotxetegiak elektrifikatzeko azpiegitura erabat martxan jarri arte: 5.211.000 euro.
  • 12 eta 18 metroko hiri autobus %100 elektrikoen hornidura kontratatzea, loteka: 12.500.000 euro.

2 proiektuak gauzatzeko, DTK-k 7.748.800 euroko dirulaguntza jasoko du bi Ministerioetatik.

Aurreikusten da kontratuak 2022aren bigarren seihilekoan esleitu ahal izatea eta autobus elektrikoen lehenengo entregak 2023tik aurrera gauzatzea.