Berriak

Oso balorazio altua Dbus-en zerbitzuarentzat

dbus web2Dbuseko erabiltzaileek oso ondo baloratu dituzte Dbuseko linea nagusien zerbitzuak, haiekiko gogobetetzeari dagokionez. Hala erakutsi dute erabiltzaileen gogobetetzea neurtzeko 2015eko lehenengo seihilekoan egindako azken inkestan lortutako emaitzek. Inkesta hori aldizka egin ohi da, Dbuseko Kalitate Planaren arabera.

Aurten gogobetetzeari buruzko inkesta hiriko ardatz nagusietan dabiltzan hiru lineetan egin da, hau da, 5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Linea horiek AENORren kalitate egiaztagiria dute, hau da, lineek kalitateko zerbitzua ematen dutela egiaztatuta dago. Horretarako, inkesta bat egin da autobusetan bertan, zerbitzurako esanguratsuak diren 24 alderdiri buruz galdetuta eta alderdi horiei 1etik 10erako puntuazioa emateko eskatuta.

Oro har, erabiltzaileek oso ondo baloratu dituzte aztertutako alderdi guztiak, eta batez beste 7,77ko puntuazioa eman diote zerbitzuari, aurreko inkestan eman ziotena baino puntuazio altuagoa, orduan 7,68ko puntuazioa eman baitzioten. Aztertutako alderdi guztiek oso nota altua izan dute, 6,09ko nota gaindituta.

Ohar eta iradokizun asko jaso dira, eta horietatik asko zerbitzuarekin pozik daudela esateko izan dira. Lortutako puntuazioak aurreko urteetan egindako inkestetan lortutako puntuazioak gainditu ditu berriro ere. Oro har, baloratutako alderdiek 2013an baino batez besteko puntuazio handiagoa lortu dute.  

Linea aldaketak, puntualtasuna eta irisgarritasuna dira erabiltzaileek hoberen baloratu dituzten alderdiak. Horiek denek 8,03 baino puntuazio handiagoa lortu dute. Honakoak dira banan-banan erabiltzaileek hoberen baloratu dituzten alderdiak:

–  Ordaintzeko sistemen erosotasuna (8,20)
– Mugikortasun urriko pertsonentzako sarbidea (8,17)
– Lineaz aldatzeko aukera (8,09)
–  Eskainitako zerbitzua betetzea (8,07)
– Zerbitzu ordutegiak, maiztasunak, ibilbideak … (8,03)

 Baloratutako lineei dagokienez, bakoitzean lortutako batez besteko puntuazioa hau izan da:

–  5-BENTA BERRI (7,83)
–  28-AMARA-OSPITALEAK (7,77)
–  13-ALTZA (7,72)

Erabiltzaileek azpimarratzen duten alderdietako bat Dbuseko autobus flotak ingurumenarekin duen errespetu maila da, gero eta kutsadura gutxiago eragiten dutelako eta gero eta ekologikoagoak direlako. Horren adibide dira flotan sartu diren azken ibilgailuak: autobus elektriko bat eta hainbat ibilgailu hibrido eta Euro 6 teknologiadun, teknologia hori izanik ingurumena gehien errespetatzen duena. 

Bai lortutako balorazioak bai erabiltzaileek egindako iradokizunak balio handikoak dira Dbuserako, eta horregatik kontuan hartuko dira zerbitzua etengabe hobetzen joateko.