Berriak

Transportes Unidos de Asturias enpresako eta Emtusa-ko ordezkaritza bat dbus-en, bisitan

Dbusek Transportes Unidos de Asturias (TUA) enpresako eta EMTUSA-ko ordezkaritzaren bisita bat eduki du; Oviedoko eta Gijongo hiri garraioa kudeatzen dituzte erakunde biek, hurrenez hurren. Asturiasko eta Gijongo garraioa kudeatzeaz arduratzen diren erakundeak dira.  Asturiasko taldearen ordezkariek kotxetegietako instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak eta autobus elektrikoak zehaztasunez ezagutu.

Asturiasko ordezkaritzak EMV kontakturik gabeko  banku txartelarekin ordaintzeko sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan du, zeina 26-Igeldo eta 45- Renfe-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete lineetan ezarrita baitago 2017az geroztik. Eguneko noizbehinkako bidai txartela kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaintzen uzten du sistema berritzaile honek. Espero da 2019ko udarako sistema flota osora zabaldu ahal izatea.

Gidatzen laguntzeko EKObus sistema ere ezagutu ahal izan dute. Sistema aitzindari hau Dbuseko 32 autobusetan dago martxan 2013az geroztik eta aurreikusita dago, baita ere, flota osora zabaltzea. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batek eta anti-bunching sistema batek (autobusek bat ez egiteko sistema) osatzen dute EKObus sistema. Gidariari laguntzen dio era ekonomikoan eta ekologikoan gidatu dezan, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta eta, aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantenduta. Euskal Eurohirian garraio publikoa sustatzea helburu duen E-MOBASK proiektu europarraren barruan sartzen dira neurri biak.

Bisitan, halaber, big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko Dbusek erabiltzen duen programa berritzailea ikusi ahal izan dute.  Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko berritzaile bat erabiliz,  erabiltzaile donostiarren bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia.

TUAko eta EMTUSAko ordezkaritza interesatuta agertu da, halaber, une honetan Dbusek martxan duen eskaripeko taxibus zerbitzuaz, zeinak Gros Ategorrietarekin eta Uliarekin konektatzen duen. Eguneroko garraio zerbitzu bat da eta erabiltzeko aldez aurretik erreserbatu behar da. MUGI txartelarekin ordaindu daiteke, hobariak eskuratzeko aukerarekin eta Dbuseko gainerako lineekiko autobus aldaketak egiten uzten du.

Bukatzeko, Dbusek bere flotan dituen autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute Asturiasko teknikariek bisitan. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu,  eta proiektu pilotu bat egiten ari da 28 autobus linean Irizar ie tram probatzeko. 18 metroko autobus %100 elektrikoa da ie trama, zero igorpenekoa eta artikulatua. 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta lineetan egiten ari den proiektu pilotua ere ezagutu dute, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektrikoa probatzen ari den.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.