Berriak

“Zurekin edonora”: Dbus-ek bat egiten du Mugikortasun Iraunkorrararen Europako Astearekin

Irailaren 16tik 22ra arte Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea ospatuko da eta, hori dela-eta, Dbusek “Zurekin edonora” kanpaina abian jarri du, Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuak aste horretarako bultzatu duen programaren barruan, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta autobusetan elkarbizitza sustatzeko, erabiltzaileen artean autobusa errespetuz eta elkartasunez erabiltzea bultzatuta.

Kanpainarekin, “Laguntzaileak” ekimenari jarraipena eman nahi zaio, zeina pasa den maiatzean abian jarri baitzen autobusa belaunaldi desberdineko pertsonen arteko elkarbizitza gune gisa sustatzeko eta autobusetan seguru eta eroso bidaiatzeko aholku praktiko batzuk emateko. Aurreko kanpainan arrapala nola erabili edo haur-aulki batekin autobusera nola igo azaltzen zen, besteak beste, eta oraingoan, berriz, antolatutako jarduerekin autobusa ondo erabiltzeko eta autobusean bidaiatzen duten gainerako pertsonak aintzat hartzeko mezua bidali nahi da, hainbat ideia azpimarratuta. Esaterako, aipatzen da garrantzitsua dela autobusean azkarrago sartzea eta autobus barruan ibiltzea erraztea, autobusaren barruan paketeak egoki garraiatzea, ibilgailua ez zikintzea edo musika bolumen altuan eramanda beste erabiltzaileak ez molestatzea.  Hitz batean, helburua da Dbusen bidaiatzen duten pertsona guztien esperientzia hobetzea, baita gidariena ere.

Horretarako, bi jarduera osagarri antolatu dira autobusen barruan, irailaren 19, 20 eta 21erako. Hauek dira jarduerak:

– Perchinga mezu praktikoekin, autobusetan:  hiru egun horietan autobusen barruko barretan denontzat bidaia atseginagoa izateko 7 aholku egongo dira.

– Mikroantzerkia autobusetan: antzezpen batzuk dira, erabiltzaileei autobusetan gertatu ohi diren egoerak modu atseginean eta entretenigarrian azaltzeko, eta garraio publikoa leku atseginagoa egiten duten praktika onez ohartarazteko. Perchinga autobusen barruko barretan jarriko den egun berberetan egingo dira antzezpenak. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era, Dbuseko hainbat lineatan.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea 2002az geroztik ospatzen da, eta garraio publikoaren erabilera sustatzea eta ingurumenarekin arduratsua den mugikortasunaren garrantziaz sentsibilizatzea dira bere helburua. Edizio honetan, Europako 1.800 udalerri inguruk parte hartuko dute, eta Donostiakoa da horietako bat. Ildo horretan, Dbusen kanpainaren asmoa da autobusaren erabilera sustatzea eta erabiltzaileak ohartaraztea autobusa ondo erabiltzea garrantzitsua dela bidaiaren esperientzia hobetzeko.

“Laguntzaileak” aurreko kanpaina bezala, “Zurekin edonora” kanpaina ere Donostiako Udalak bultzatutako Goazen Donostia estrategiaren barruan sartzen da. Estrategia horrekin, Donostiako Udalak nahi du gure hiria eta Dbuseko autobusak elkargune eta elkarbizitzarako leku lagunkoiak izatea.  

Informazio gehiago