Category : Berriak home

“Bidai txartela zure asegurua da” kanpaina Dbus-eko autobusetan

Donostiako Udalak eta Dbusek kanpaina bat abiarazi dute Dbuseko autobusak erabiltzen dituzten pertsonak ohartarazteko garrantzitsua dela beti bidai txartela ordaintzea eta, txartel pertsonalizatuarekin ordainduz gero, nork bere txartelarekin ordaindu behar duela. 

KARTELA_INSP_OSOABidai txartela bidaiarien asegurua da eta beharrezkoa da bidaiariek garraio titulu baliodunarekin bidaiatzea eta bidaiak irauten duen denbora osoan garraio titulua gainean eramatea edo Dbuseko edo Udaleko langileen esku jartzea ikuskapenerako. 

Kanpainaren irudia jada kalean da, Hiri Berdearen pertsonaia berberekin. Pertsonaia horiek azpimarratzen dute bidai txartel balioduna eramatearen garrantzia, autobuseko bidaiak irauten duen denboran bidaiariaren asegurua baita. Irudi hau markesinetan, Dbuseko eta Udalaren web orrietan eta sare sozialetan agertzen da, bai eta Dvbuseko pantailetan ere, autobus barruko informazio eta entretenimendu kanala baita. 

Informazio kanpaina honekin batera, ikuskapen kanpaina bat ere egiten ari da autobusetan. Ikuskatzaileek bidai txartelak edo garraio txartelak erakusteko eskatuko diete erabiltzaileei, bidaia eskudiruz edo beren garraio txartelarekin ondo ordaindu dutela egiaztatzeko. Era berean, erabiltzaileei zalantzak argituko dizkiete. 

Erabiltzaileak bidaia ordaindu ez badu, zehapena 50€-koa litzateke. Era berean, zehapena aplikatuko litzaizkien beste kasu batzuk ere azaltzen ditu Erregelamenduak. Hona hemen egoera horietako batzuk: 

 

Garraio titulu baliodunik gabe edo bidaiaren ezaugarrietarako edo aurreikusitako baldintzetarako balio ez duen garraio tituluarekin bidaiatzea, bai eta garraio titulua gaizki erabiltzea ere: adibidez, beste pertsona baten txartel pertsonalizatuarekin bidaia ordaintzea.  Zehapena 50€-koa litzateke eta txartela kentzea ekarriko luke; titularrak txarteleko saldoa galduko luke eta txartel berriaren eskaera ordaindu beharko luke. 

Autobusetan erretzea: 101 eta 200 euro arteko zehapena. 

– Ibilgailuak, barrutik zein kanpotik, edo geltokiak idaztea, margotzea, zikintzea edo beste edozein eratan hondatzea. 101 eta 200 euro arteko zehapena. 

 

Zehagarri diren kasu guztiak Donostiako Garraio Erregelamenduan daude jasota, eta Erregelamendua Dbuseko web orrian (www.dbus.eus) dago eskuragarri kontsultarako. Autobusetan pegatinak jarri dira, halaber, arau hausterik ohikoen eta dagozkien zehapenen gaineko informazioarekin. 

Azken finean helburua da garraio publikoaren erabilera egokia sustatzea eta azpimarratzea garrantzitsua dela beti garraio titulu egokiarekin bidaiatzea, erabiltzaileen bermea baita. 

Irakurri

Dbus autobusen erabileraren errekor historikoa San Sebastian egunean ia 195.000 bidaiarekin

Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna izan dela eta, Dbusen autobusen erabilerak errekor historikoa lortu du. Guztira, urtarrilaren 19tik, ostirala, 20ra, larunbata, 194.945 bidaia (behin-behineko datua) erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Horrek esan nahi du pasa den urtean erregistratutako 181.513 bidaiarekin alderatuta ia-ia %7,4ko igoera gertatu dela. 

Dbusek zerbitzu gehigarriak jarri zituen auzo guztietarako lineetan 19ko arratsaldetik, bandera igoeraren aurretik, eta gau guztian zehar 20ko zerbitzuak hasi arte. Zerbitzuak ere indartu egin ziren 20eko goizean Haur Danborradagatik eta 20ko arratsalde-gauean, goizaldeko 4:00ak arte, bandera jaitsieraren ondoren. 

Igoera hiriko linea guztietan eman da, eta hauek izan dira gehien erabili direnak:

 

–          13-ALTZA:   24.237 bidaia

–          28-AMARA-OSPITALEAK:   23.664 bidaia

–          5-BENTA BERRI:   21.514 bidaia

–          26-AMARA-MARTUTENE:   11.664 bidaia

–          17-GROS-AMARA-MIRAMON:   10.387 bidaia

 

Datu horiekin alderatuta, donostiarrek Dbus hautatzen jarraitzen dute egun hauetan Donostian barrena mugitzeko nahiz eta, danborradak direla eta, zirkulazioa zailago izan.

Dbusetik eskerrak eman nahi dizkiegu erabiltzaileei erakutsi duten pazientziagatik eta lanean jarraituko dugu egunero zerbitzua hobetzeko. 

Irakurri

Dbus-ek proiektu pilotu bat jarriko du abian autobusetako seinaleak hobetzeko

Herritarrei garraio erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko, Dbusek autobusetako seinaleak berrituko ditu, seinale errazagoak eta ulerkorragoagoak jarrita. Autobusetan eskaintzen den irudi bidezko informazioa hobetzea da asmoa, autobus barruan zein kanpoan dauden guneen erabilerari buruzko informazio argiagoa eta osotuagoa emanda. Erabiltzaileek egindako ekarpenak izan dira hobekuntza honen abiapuntua.  

Seinaleak eguneratzeko lanak egun hauetan hasiko dira eta, hasteko, pegatina berriak jarriko dira 10 bat autobusetan eta gero, pixkanaka-pixkanaka, gainerako autobusetan ere jarriko dira. Autobus horietan irudi bidezko seinaleak jarri eta gero, erabiltzaileek ohiko bideetatik egiten dituzten iruzkinak eta ekarpenak hartuko dira kontuan proiektu pilotu honen barruan. 

Seinaleak eguneratzearen beste helburu bat da erabiltzaileen arteko elkarbizitza hobetzea eta bidaia atseginago egitea; izan ere, batzuetan, autobus barruko elementuak gaizki erabiltzeak nahasmendua ekar dezake erabiltzaileen artean.  Hona hemen kasu batzuk: 

Lehentasuna erreserbatutako eserlekuen erabileran: Eserleku berdeak mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatuta daude, hala nola adineko pertsonentzat, haurdun dauden emakumeentzat, haurra besoetan daramaten erabiltzaileentzat, min hartutako pertsonentzat eta eserleku horien premia eduki dezaketen beste erabiltzaile batzuentzat. Autobus barruko pegatinak eguneratuta, asmoa da lehentasun horiek argitzea. Erreserbatutako eserlekuen ondoan jarriko da pegatina hau.

01

Haur kotxeak eta aulkiak egoki jartzea, erdiko gunean: Kasu batzuetan, honelako kotxe eta aulkiekin sartzen diren erabiltzaileek ez dakite nola jarri behar diren eta haurrak beti autobusaren mugimenduaren kontrako noranzkora begira joan behar direla. Horregatik, pegatina hori jarriko da autobusaren erdiko gunean.

02

Erdiko atetik sartzea: Kasu jakinetarako, hala nola haur kotxeak eta aulkiak sartzeko, gurpildun aulkian doazenak sartzeko eta sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, esaterako. Egoera horietan, erabiltzaileek gidariari esan beharko diote erdiko atetik sartu nahi dutela. Horregatik, seinale berrian, zeina erdiko ateetan jarriko baita, adierazita egongo da gidariari eskatu beharko diotela atea irekitzeko eta, behar izanez gero, arrapala ateratzeko. 

03

Oinak eserlekuaren gainean jartzeko debekua:     autobus barruko elementuak hobeto erabiltzeko eta beste erabiltzaile batzuekin tirabirak ekiditeko. Pegatina hau aurrez aurre dauden eserlekuetan eta 3-4 pertsonarentzako eserlekuetan jarriko da. 

04

Irakurri

Dbus-ek 28 linean probatuko du Irizarren lehen autobus %100 elektriko artikulatua

DSC_0134_webDonostia izango da Irizar Taldeak fabrikatutako lehen autobus %100 elektriko artikulatua, Irizar ie tram modeloa, benetako bidaia batean eta bidaiariekin probatuko duen lehen hiria. Udaleko udal arduradunek, Alkate Eneko Goia buruan zutela, bertatik bertara ezagutu dute ibilgailua, Irizarrek Adunan duen lantegian. Ibilgailua uda inguruan hasiko da funtzionatzen Gipuzkoako hiriburuan.

Dbusen flota operatiboko ibilgailuetako bat izango da autobus hori, izan ere, gure hirian elektromugikortasuna bultzatzen duen proiektu pilotu baten zatia da erabilera hori. Proiektuak sei hilabete iraungo du gehienez ere, eta garraio elektrikoaren modalitate guztiak bultzatzeko Donostiak duen estrategia globalaren barruan sartzen da.

Autobus artikulatu bat izango da ibilgailua eta, zehazki, 18 metrokoa eta %100 elektrikoa. Proba 28-Amara-Ospitaleak linean egingo da, Dbusen linearik erabiliena eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen autobus linea baita.

Orain bezala, 2014an ere Dbus izan zen Irizar Taldeak fabrikatutako 12 metroko lehen autobus elektrikoa probatu zuen lehen operadorea. Ezaugarri horiekin Europan fabrikatzen zen lehen autobusa zen. Harrez gero, Dbusek hiru autobus %100 elektriko eta trakzio %100 elektrikoarekin funtzionatzen duten eta geldialdietan zero igorpenen moduan egoten diren 20 autobus sartu ditu bere flotan. Proiektu pilotua autobus %100 elektriko artikulatu batekin abian jarrita, linea horrek 120 tona CO2 gutxiago igorriko ditu eguratsera urtean.

Kotxetegietan gauez kargatzeaz gain, autobus honek aukerako karga egin beharko luke Miramonen, linea buruko geltokian. Geldialdiko kargak gutxi gorabehera 5-6 minutu iraungo duela kalkulatzen da. Autobusak pantografo bat dauka, zeina autobusaren sabaian zabaltzen den eta karga zutoinarekin konektatzen den, 500kW-potentziako karga jasotzeko.28 linea osoaren elektrifikaziorako lehen urratsa da autobus elektriko artikulatuaren proiektu pilotua. Egingo diren probekin 28 linearen energi kontsumoaren gaineko benetako datuak lortu ahal izango dira eta sistema adimendunak dituzten autobus elektrikoen inplementazio posiblerako beharrezkoak diren elementu guztiak behar bezala dimentsionatu.

Ibilgailua hobeto ezagutzeko, Donostiako Alkate Eneko Goia eta Mugikortasuna eta Garraioak departamentuko Zinegotzi Pilar Arana Irizarrek Adunan duen e-mobility lantegira hurbildu dira gaur, Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezekin batera. Bai Eneko Goia bai Pilar Arana oso interesatuta agertu dira ibilgailuaren sistema berritzaileaz, Dbusen 28 linean probatuko baita, Donostiako autobus flotaren elektrifikaziorako beste urrats bat gehiago eginda. Hortaz, Goiak azpimarratu du Irizarrek “Donostia erabiltzen jarraitzen duela bere diseinurik berritzaileenen laborategi gisa, hiria eta lurraldea mugikortasun elektrikoaren munduko abangoardian kokatzen dituen aliantza estrategiko batean”. Aldi berean, Goiak adierazi du Donostiak “ibilgailu elektrikoaren modalitate guztien alde egiteko estrategia osoa duela, eta horretarako urratsak emango direla erregai fosilak energia garbiekin ordezkatzen joateko”.

Irakurri

Dbusek Errege Magoei lagunduko die opariak banatzen

cabalgata8Dbuseko autobusek Ekialdeko Errege Magoei lagunduko diete aurten ere Gabonetako opariak banatzen Donostiako kaleetan zehar. Opariz betetako ibilgailu hibrido bat izango da Erregeekin urtarrilaren 5eko desfilean.

Horrela, Dbusek bat egiten du haurrek gehien espero duten jarduetariko batekin, autobusaren erabilera bultzatuz hirian garraiobide publiko gisa.  

 

Irakurri

Santo Tomas egunean Dbusen autobusen erabilera handia izan da

2017ko Santo Tomas egunean, atzo, abenduaren 21a, ostegunean, Donostia hiriko autobusek erabilera handia izan zuten. Behin-behineko zifrak kontuan hartuta, 120.193 bidaia kontabilizatu ziren egun osoan zehar Dbusen autobusetan. Autobusaren erabilera masiboak aurreikuspen guztiak eta aurreko zifrak gainditu zituen.

Enpresak Donostian soilik hiri garraio zerbitzua ematen duenetik bostgarren kopuru handiena da. Abenduko lanegunetako batazbesteko erabiltzaileen kopurua kontuan izanda, 30.000 bidaiari gehiago erregistratu dira. Iazko datuekin alderatuta, kopurua ia %1,15 igo da.

Lineen arabera, hauek izan dira erabilienak:

–          28-AMARA-OSPITALEAK: 16.053 bidaiari

–          13-ALTZA: 15.925 bidaiari

–          5-BENTA BERRI: 14.645 bidaiari

–          26-AMARA-MARTUTENE: 7.912 bidaiari

–          17-GROS-AMARA-MIRAMON: 7.508 bidaiari

–          14-BIDEBIETA: 5.490 bidaiari

–          33-LARRATXO-INTXAURRONDO-ANTIGUO-BERIO: 5.452 bidaiari

–          9-EGIA-INTXAURRONDO: 5.445 bidaiari

–          25-BENTA BERRI-AÑORGA: 5.275 bidaiari

Autobus erabilera arrakastatsu hau lortu ahal izateko, egun osoan zehar, Dbusek lineak sendotu zituen 20 gidarirekin eta autobus osagarriekin, 230 gidari izan zirelarik egun osoan zehar zerbitzua eman zutenak.

Aldi berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtziona zezan.

Irakurri

“Dbus eta Gabonak”, 11. haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa

2A_TELMO_ZULUETA_MOZOHamaikagarren urtez jarraian, Dbus eta San Martingo Azokak, FNAC-en partehartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako partehartzea paregabea izan da, 1 eta 12 urte arteko 1.400 haur baino gehiagoren marrazkiak jaso baitira.

Gaur, 2017ko abenduaren 16an, San Martin Merkatuko FNACen sari banaketa burutu da.

A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak) ondorengoak izan dira:

  • 1. Saria: Izaro Etxegoien, 8 urtekoa, Uzturre Ikastola (ikusi argazki atxikitua). Dbus-eko autobusak 2018an 6 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Samsung Galaxy Tableta.
  • 2. Saria: Telmo Zulueta, 8 urtekoa, Summa Aldapeta Ikastetxea (ikusi argazki atxikitua). Dbus-eko autobusak 2018an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Argazki kamera.
  • 3. Saria: Alba Urtasun, 7 urtekoa, Summa Aldapeta Ikastetxea (ikusi argazki atxikitua). Dbus-eko autobusak 2018an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Liburu sorta eta idazketarako sorta.  

B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte) ondorengoak izan dira:

  • 1º Saria: Andrea Alkorta, 11 urtekoa, Taller Mihise (ikusi argazki atxikitua). Dbus-eko autobusak 2018an 6 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Samsung Galaxy Tableta.
  • 2. Saria: Natalia Herrero, 10 urtekoa, The English School (ikusi argazki atxikitua). Dbus-eko autobusak 2018an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Argazki kamera.
  • 3º Saria: Miren Arraiza, 9 urtekoa, Jaso Ikastola (ikusi argazki atxikitua). Dbus-eko autobusak 2018an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Liburu sorta eta idazketarako sorta.  

11. Marrazki Lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte-hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira. 

– A Maila:

– B Maila:

Marrazki finalistak abenduan zehar DVBUSen agertuko dira eta aldi berean DBUS eta San Martin Merkatuko web orrian argitaratuko dira.

Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen partehartzea ere.

 Marrazken erakusketa

Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 19tik urtarrilaren 21era arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63).

 LEKUA: AIETE KULTUR ETXEA

DATAK: Abenduaren 19tik urtarrilaren 21era arte

ORDUTEGIA:
Asteartetik igandera: 10:00etatik 14:00etara
Larunbatak 23 eta 30: 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara
(Itxita: abenduak 25; urtarrilak 1 eta 6)

Irakurri

Dbus, ticketing sistema berritzaileenak dituzten munduko 8 enpresen artean

TTG-Awards-Logo-2018_400x241Dbus da Transport Ticketing nazioartean prestigio handia duen sarirako zortzi finalistetako bat, Ordainketa Sistema Adimendunik Hoberena kategorian. Sariak mundu osoko garraio publikoko operadoreen eta enpresa teknologikoen bikaintasuna azpimarratzen du, garraioaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz ordainketa sistemetan berrikuntzak egitearen aldeko apustuari dagokionez. 

Zortzi finalisten artean, Dbus ez ezik Eskoziako eta Skaneko (Suedia) garraio publikoko enpresak daude edo Silverrail, Nación Servicios eta Masabi enpresa teknologikoak. Sektoreko profesionalek osatutako epaimahaikide batek aukeratuko ditu irabazleak, eta 2018ko urtarrilaren 23an, asteartean, Londresen egingo den zeremonian jakinaraziko dira irabazleen izenak.  

Autobusean bidaiatzea esperientzia erosoagoa eta errazagoa izatea ahalbidetzen duten ordainketa modu berritzaileak inplementatzen alde egind du apustua Dbusek eta horregatik izendatu dute sarirako. 2017ko otsailaz geroztik, Donostiako autobusetan Bizkaiko garraio txartela (BARIK) eta Arabakoa (BAT) erabili daitezke bidaia ordaintzeko. Era berean, pasa den udan Dbusek proiektu pilotu bat jarri zuen abian, bidaiak kontakturik gabeko EMV banku txartelarekin ordaintzeko. Proiektua 16 eta 45 autobus lineetan garatu zen, hiria bisitatzen duten pertsonek gehien erabiltzen dituzten lineak direlako. Ticketing sisteman egindako hobekuntza horiekin arinago ordaintzen da autobusean sartzean, eta geldialdi bakoitzean ematen den denbora murrizten da. Horrek, aldi berean, bidai denbora murriztea ahalbidetzen du eta zerbitzuen abiadura komertziala hobetzea ere bai.

Bigarren aldia da Dbus sari hauetarako izendatu dutela. Izan ere, 2013an Garraio Enpresa Berritzaileenaren kategorian finalista izan zen, Donostiako garraio publikoa hobetzeko teknologia berriak ezartzen azken urteetan egindako jarduketa ugariri esker. Gainera, ezarpen horiei esker Dbus erreferente bihurtu da nazioartean eta aitortza eta sari asko eskuratu ditu.

Irakurri

EBSF_2 proiektu europarraren barruan garatutako berrikuntzak aurkeztu dituzte Donostiak eta Madrilek

DBUS 1_PEQGaur, EBSF_2 – European Bus System of the Future 2 (Etorkizuneko Autobus Europarren Sistema 2) proiektu europarrari buruzko jardunaldi bat egingo da Donostian, eta bertan Donostiak eta Madrilek, proiektuaren hiri erakusleek, garatu eta analizatu dituzten berrikuntza teknologikoak aurkeztuko dira. Europako Batzordeak Horizon 2020 programaren baitan finantzatutako proiektua da, eta bere helburua da autobusak garraio publiko gisa duen efizientzia eta erakargarritasuna areagotzea, etorkizuneko premiei erantzungo dieten autobusen belaunaldi berri bat diseinatuta.

Proiektu europarrak 3 urteko iraupena dauka, 2015eko maiatzean hasi zen, eta 42 bazkide ditu, 12 hiri hauetan soluzio teknologiko berriak esperimentatzen: Donostia, Paris hiria eta bere eremu metropolitanoa, Londres, Lyon, Bartzelona, Helsinki, Madril, Dresden, Ravenna, Göteborg eta Stuttgart. Dbusekin eta CEIT-IK4 Zentro Teknologikoarekin batera, Donostiako erakuslean parte hartzen ari dira IRIZAR autobus eta autokarren fabrikatzailea, Datik eta Digimobee enpresa teknologikoak eta Garraio Publikoaren Nazioarteko Elkartea – UITP (hiri eta eskualde garraio publikoen operadoreen munduko elkartea).

Gaurko jardunaldian, CEIT-IK4k, Dbusek eta Garraio Publikoko Nazioarteko Batasunak antolatutakoa baita, Donostia eta Madril hiri erakusleek egindako lanak aurkeztu dira, eta lan horien emaitza nagusiak erakutsi dira. Ekitaldian nazioarteko erakunde ugariren ordezkariak egon dira: enpresa teknologikoak, autobus fabrikatzaileak, zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak, bai eta herri askotako garraio operadoreak ere.

Donostiako erakuslea

Donostiako erakuslean gidatzen laguntzeko bi sistema aztertu dira, erregai kontsumoa murrizteko eta bidaiarien erosotasuna areagotzeko asmoarekin.

1) EKOBUS sistema, DATIKek garatua eta Dbusek 2013an ezarria, aintzindaria da munduan, eta gidariari laguntzen dio modu ekonomikoan eta ekologikoan gidatzen, erregai fosilen kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak murriztuz. EKOBUS sistemak gidatzearen hainbat alderdi monitorizatzen ditu, eta kontsumoa gehiegizkoa den unetan gidariari jakinarazten dio pantaila txiki baten bitartez. Ordutegiak betetzen ere laguntzen dio gidariari.

2) NONVIS sistema, CEIT-IK4k garatua, EKOBUSen osagarri bat da, eta gailu haptiko bat eta bozgorailu bat erabiltzen ditu gidariari aginduak emateko, seinale bisualak erabili gabe.

Autobusa martxan dagoen bitartean, NONVISek autobus barruko ekipoetako datuak analizatzen ditu eta, aldian-aldian, gidaritzaren eraginkortasun maila kalkulatzen du. Eraginkortasun maila horri EKO maila deitzen zaio. Modu ekologikoan eta ekonomikoan gidatzen denean, EKO mailak gora egiten du eta NONVISek soinu atsegina ateratzen du: Osterantzean, EKO mailak behera egiten duenean, sistemak gidariaren eserlekua suabe bibrarazten du gidariari jakinarazteko.

Era berean, Donostian beste bi berrikuntza teknologiko hauek probatu dira:

3) WARM sistemak, CEIT-IK4k garatuak, autobus flotaren mantentze lan prediktiboen sistemen informazioren kudeaketa hobetzen du, mantentze lanetako langileen lan karga murriztuta, bai bulegoetan bai tailerretan.

4) BPST simulazio softwarearekin (Bus Passenger Simulation Tool), zeina CEIT-IK4k ere garatu baitu, autobusen barruko konfigurazio berriak aztertu dira, mugikortasun urria duten bidaiarien irisgarritasuna eta fluxua hobetzeko.

Madrileko erakuslea

ECONBUS sistemak, TEKIA Ingenieros enpresak garatutakoak, gidari askoren gidatze estiloak konparatu ditzake eta gidari hoberenengandik ikasi, eta gidatze estiloa hobetuz flotan aurrezten den erregaia zehaztasunez kalkulatzea ere ahalbidetzen du.

Donostian eta Madrilen egin diren ekintzei esker posible izaten ari da teknologia berritzaileak laneko baldintza errealetan ebaluatzea eta analizatzea ea autobus garraio publikoa hobetzen laguntzen duten, garraioaren kalitateari eta errentagarritasunari eragiten dioten gai hauei dagokienez: igorpen kutsatzaileak murriztea, bidaiari guztien erosotasuna eta gogobetetzea areagotzea, eta autobus konpainietako langileen lana erraztea.

Irakurri

Dbus-ek eta Club de Creativos-ek sormen lehiaketa bat antolatu dute “c de c” publizitate kongresuaren barruan

CARTEL-2_eu2018ko apirilaren 12tik 14ra bitartean sormenari buruzko “c de c 2018” urteko kongresua egingo da Donostian, eta kongresu horren barruan Dbusek eta Club de Creativos erakundeak sormen lehiaketa bat abiarazi dute autobusa publizitaterako euskarri gisa erabiltzea sustatzeko eta sektoreko ikasle eta profesionalen artean sormena bultzatzeko. Horretarako, publizitate diseinu bat landu beharko dute Dbuseko autobus baterako

Club de Creativos da publizitateko profesionalak, ikasleak eta iragarleak elkartzen dituen erakundea, sektoreko talentua hobetu eta batzeko asmoarekin. Urtero “c de c” kongresua antolatzen du, eta gaur egun estatu mailan sormenaren alorrean dagoen hitzordu nagusia da, Komunikazioaren industriako 1.800 profesional inguruk parte hartzen baitute.  Kongresu honen barruan ematen dira Sormenaren Sari Nazionalak. 

2018ko edizioan autobusetarako publizitate diseinurik hoberena ere sarituko da. Saria Dbusek eta Club de Creativosek antolatu dute, Promediosen babesarekin, berak kudeatzen baitu Donostiako markesina eta autobusetako publizitatea. Asmoa da sormena sustatzea, baita autobusa publizitaterako euskarri gisa erabiltzea ere, inpaktu bisual handia eta ezaugarri bereziak dituelako.

Kategoriak 

Lehiaketa diseinuaren, komunikazioaren, publizitatearen eta marketinaren munduko pertsonentzat da, eta 2 kategoria edukiko ditu. Banaka zein taldeka parte hartu ahal izango da bertan: 

– PROFESIONALEN kategoria: marketin, publizitate eta diseinuaren sektoreko profesionalak. 

– IKASLEEN kategoria: diseinuarekin eta sormenarekin lotura duten ikasketak egiten ari diren ikasleak.  

Izena ematea eta lanak entregatzea 

2017ko azaroaren 21etik abenduaren 1era arte emango dira izenak, Club de Creativos erakundearen webgunean (www.clubdecreativos.com). 

– Lanak entregatu, berriz, 2017ko abenduaren 4tik 2018ko urtarrilaren 30era bitartean entregatuko dira, Dbusen bulegoetan, posta bidez edo bertara joanda (Dbus, Fernando Sasiain kalea, 7. 20015, San Sebastián). 

 Lanen aukeraketa 

– 1.Fasea: Sormenaren 2018ko Sari Nazionalaren epaimahaiak finaleko 10 lanak aukeratuko ditu bere botoen bitartez, eta martxoaren 7an jakinaraziko dira lan horiek. 

– 2.Fasea: ondoren, lehiaketaren antolatzaileek izendatutako epaimahaiak kategoria bakoitzeko lan irabazleak aukeratuko ditu. 

– 3.Fasea: “c de c” sortzaileen kongresuak irauten duen bitartean (2018ko apirilaren 12tik 14ra) kategoria bakoitzean irabazi duten lanak ikusgai egongo dira Dbuseko autobus bitan; izan ere, diseinu irabazleak errotulatu egingo dira autobus bi horietan.   

 Sariak 

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da, eta sariak Sortzaileen Kongresuaren azken egunean entregatuko dira, Donostiako Kursaal Jauregian: 

– PROFESIONALEN kategoria: 1.500€ eta beren lana Dbuseko autobus batean 2 hilabetez erakusgai jartzeko aukera. 

– IKASLEEN kategoria: 1.000€ eta beren lana Dbuseko autobus batean 2 hilabetez erakusgai jartzeko aukera.

 Oinarriak 

Lehiaketaren oinarriak Dbusen webgunean  (www.dbus.eus) eta Club de Creativos erakundearen webgunean (www.clubdecreativos.com) daude eskuragarri.

Oinarriak ikusi (pdf)

Briefing 

Briefing ikusi (pdf)

Irakurri