Category : Berriak

Dbuseko eta Dbiziko garraio tituluak eguneratzea

2020az geroztik, Dbuseko garraio tituluak eta Dbizi bizikletak alokatzeko zerbitzuaren tarifak izoztuta mantendu dira. DTK-k, mugikortasun operadore integrala den heinean, kudeatzen dituen bi zerbitzu horiek alternatiba jasangarria izan dira donostiarren hiri barruko desplazamenduetarako. Bi garraio sistemetan erabilera asko handitu da 2021ean; hala, autobusaren kasuan, urteko hazkundea %27koa izan da, eta bizikleten kasuan, erregistratutako bidaien kopurua bikoiztu egin da.

Testuinguru horretan, eta KPIaren igoera handia eta energia-kostuak gorabehera, Dbusek bere titulu guztiak izoztuta mantenduko ditu 2022an, Donostian garraio publikoaren erabilera sustatzeko ekintzen barruan.

Gainera, datozen hilabeteetan, Dbusek garraio-titulu berriak sartuko ditu, batez ere, autobusa oso denbora laburrean intentsiboki erabili nahi duten noizbehinkako erabiltzaileentzat. Horretarako, datozen hilabeteetan lau titulu berri aktibatuko direla aurreikusten da. Titulu horiek modu digitalean eskuratuko dira, hasiera batean IOS, Windows Phone eta Android sistemetarako eskuragarri dagoen Dbus aplikazioaren bidez.

Dbuseko garraio titulu digital berriak honako hauek izango dira: 

  • 30 minutuko eguneko bidai txartela: txartela erosi eta hurrengo 30 minutuetan behar besteko eguneko zerbitzuetan erabili ahal izango du txartela erosten duenak garraio titulu hau. 
  • 30 minutuko gaueko bidai txartela: txartela erosi eta hurrengo 30 minutuetan  behar besteko gaueko zerbitzuetan erabili ahal izango du txartela erosten duenak garraio titulu hau. 
  • 24 orduko aldi baterako bonoa: bonoa erosi eta hurrengo 24 orduetan behar besteko zerbitzuetan erabili ahal izango du bonoa erosten duenak garraio titulu hau. 
  • 48 orduko aldi baterako bonoa: bonoa erosi eta hurrengo 48 orduetan behar besteko zerbitzuetan erabili ahal izango du bonoa erosten duenak garraio titulu hau.

 

Dbizin, bestalde, erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko helburuarekin, eta hasieratik izandako eskaera handia eta alten igoera dela eta, tarifetan egokitzapen batzuk egin dira, eta 2022ko apirilaren 1etik aurrera egongo dira martxan. Hala ere, kontratua indarrean duten erabiltzaileei, hau da, ohiko edo noizbehinkako ordainketa apirilaren 1a baino lehen kontratatu dutenei, kontratatutako prezioak mantenduko zaizkie.

Taula honetan ikus daitezke apirilaren 1etik aurrera aplikatuko diren tarifa berriak:

 

 

 

 

 

 

 

Aipatu behar da bizikleta elektrikoen kasuan %40ko deskontu automatikoa egiten dela bidai tarifetan, baldin eta jatorrizko edo helmugako geltokia hiriko goiko aldean badago, planoan berdez adierazita dauden moduan.

Eta familia ugarien kasuan, abonuetan ere %20ko deskontua egiten da familia ugari arruntentzat, eta %50ekoa familia ugari berezientzat.

Irakurri

EMT Valentziako ordezkaritza Dbusen bisitan

Dbusek EMT Valentziako delegazioko bisita hartu du bere instalazioetan, Valentziako hiri garraioko udal enpresa. Valentziako taldearen ordezkariek Kotxetegien instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu.

Topaketan berrikuntza teknologikoko gaiak jorratu dira hiriko garraio publikoan, bereziki Dbusen EMV ordainketa-sistema eta EKOBUS sistema gisa ezarritakoak, bai eta geralekuak sentsorizatzeko sistema ere. Horiei esker, batetik, erabiltzaileei bidaia seguruak eskaini ahal zaizkie, contacless ordainketarekin; eta, bestetik, geralekuan dauden erabiltzaileen kontaketaren kontrol ia zehatza egin daiteke, eskaria iragartzea posible izanik. Sistema horiei esker, zerbitzu arina eta kalitatezkoa eskaintzen zaie pandemiaren garaian eta ondoren hain garrantzitsua den erabiltzaileei, eta aurrerapen handia izan da Dbusen barruan erabiltzaileen joan-etorrien fluxuetara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko orduan.

Era berean, UNE EN13816 arauaren arabera AENORen kalitate-ziurtagiria duten BRT lineei buruz (5, 13 eta 28) eta Dbusen autobus elektrikoei buruz hitz egin da, gaur egun flotan zirkulatzen ari direnez gain, laster beste 19, %100 elektriko berri gehitzea aurreikusten baita.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain.  

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna  da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarri du Donostiako autobusetan. 

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Igandean, martxoaren 6an, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, igandean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus-ek autobus artikulatu elektriko bat sartu du bere flotan, proba moduan

Dbusek MAN markako 18 metroko autobus elektriko bat sartu du bere flotan, eta autobus hori oraingoz proba moduan erabiliko da. Aurreikusten da martxoaren 4tik 20ra bitartean egongo dela zirkulazioan, Dbusen flotako gainerako autobusekin batera, lehenengo 17-Gros-Amara-Miramon linean eta gero 28-Amara-Ospitaleak linean.

MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa) eskatu eta hark emandako laguntzei esker Dbusen flota elektrifikatzeko abian jarri den prozesuaren aurretiazko fasean probatuko diren lehen autobus elektrikoetako bat da. Izan ere, laguntza horien aurretik, Next Generation Funtsetatik DTK-k 7.198.800 euroko dirulaguntza jasoko du, flota elektrifikatzeko kotxetegien azpiegitura elektrikoan egin beharreko eraberritze lanetarako eta 19 autobus %100 elektriko erosteko.

Ibilgailu %100 elektrikoa eta isila da, MAN LION ‘S CITY E (18) modelokoa, eta aurreko belaunaldiko ibilgailuekin alderatuta kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murriztea ahalbidetzen duen motorizazioa du. Era berean, autobus modelo berria bere barruko zein kanpoko diseinuagatik nabarmentzen da. Kanpotik kristalezko azalera handia duelako eta goiko aldean aterik ez duelako nabarmentzen da. Barrualdean nabarmena da erdiko plataformaren eta gidariaren gunearen zabaltasuna, zeinari esker bidaia askoz atseginagoa baita, ez bakarrik bidaiarientzat, baita gidarientzat ere.

Autobus berri horiekin, Dbusek flota apurka-apurka berritzen jarraitzen du, izan ere, gaur egun ibilgailuen %58 12 metroko hibridoak edo elektrikoak dira eta %25 hibridoak, flota modernoa, erosoa, iraunkorra eta segurua eskaintzeko, kalitateko goreneko estandarrak eta egungo baldintzetan beharrezkoak diren neurri guztiak betez.  

Hauexek dira autobus berrien ezaugarri nagusiak:

– Aurreko 12 metroko autobus hibridoetan bezala, autobuseko barra guztiek dute geldialdia eskatzeko sakagailua, erabiltzaileek sakagailua eskuragarriago eduki dezaten. Sakagailu horiek braillez ere errotulatuta daude. Era berean, barren profila ergonomikoagoa da.

– Autobusak kartel espezifikoak eta desberdinak ditu geldialdia eskatzeko eta arrapala eskatzeko, autobuseko puntu guztietatik gehiago ikusteko moduan.  

Argitasun handiagoa ibilgailuaren barruan, sartzen den argi naturalaren eta sabaian argia islatzen duten led argiek ematen duten zeharkako argiaren bidez.

Autobus berriak USB kargagailuak dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko. 

Autobusek, halaber, DTKren eskakizun guztiak betetzen dituzte irisgarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokienez, eta %100 irisgarriak dira, zoru baxua eta sartzeko arrapala baitituzte bi aulki gurpildunetarako lekura iristeko.

 

Teknologia gehiago eta eraginkortasun handiagoa

Autobus modelo hori nabarmena da batez ere eraginkorra delako eta gutxi kontsumitzen duelako; izan ere, tamaina txikiko motor bakarra du, prestazio handikoa eta energia birsortzeko gaitasun apartekoa, gurpil kuboan zuzenean muntatutako motorrek ez bezala.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du guar, otsailak 28, ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Horregatik, Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute egun osoan, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.  

Irakurri

Dbusek %25 bidaia gehiago egin ditu 2021ean

Dbusek 22.266.087 bidaia erregistratu ditu 2021ean, eta 2020an, berriz, 17.818.043 bidaia erregistratu zituen. 2021eko zifrak adierazten duenez, argi dago eskaerak errekuperatu egin direla 2021ean, %25 gora egin da (4.448.044 bidaia).

Dbusek segurtasun neurriak, babesekoak eta higienekoak aplikatzeko egin duen ahaleginak eta izan duen erresilientziak ekarri dute herritarrek garraio publikoaren erabileran berriro konfiantza jartzea, garraio publikoak zerbitzuen eskaintzari ahalik eta gehien eutsi dio eta. Donostia da, gainera, hiriko garraio publikoaren eskaria azkarren berreskuratzen ari den hirietako bat.

Eskariaren suspertze tasa, 2019ko ekitaldiko eskariarekin alderatuta, %75,27koa izan da. Suspertze tasa horren bilakaera progresiboa izan da urtean zehar. Urtarrilean %63ko susperraldia izan zen, eta ordutik gora egin du Dbusen erabilerak, azaroan hazkunderik handiena izan arte (% 83,5). Ondoren, abenduan susperraldiak behera egin du pandemiaren seigarren olatuaren eraginez, eta hilabete horretan %79,06koa izan da.

2020an eta 2021ean egindako bidaien hileko bilakaera:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2021ean egindako bidaiei buruzko datuei dagokienez, azpimarratzekoa da pasa den azaroaren 4an, Anoetan Eurokopa League (RSO-SturmGraz) jokatu zen egunean,  eskaeren errekorra erregistratu zela Dbuseko lineetan, 91.059 bidaiarekin. 

 

Gehien eskatutako lineak eta gehien suspertu direnak 

2021ean gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta 5-Benta Berri lineak.

Eskaera gehien (eskaeren %80tik gora) berreskuratu duten autobus lineak honako hauek izan dira: 19-Aiete-Bera Bera, 26-Amara-Erriberak-Martutene, 41-Gros-Egia-Martutene, 46-Morlans mikrobus linea, 35-Arriola-Antigua-Ospitaleak, eta TB6-Ulia.

Irakurri

Urtarrilaren 31etik aurrera aldaketak 5 Benta Berri eta 40 Gros-Antiguo-Igara lineetan

Datorren astelehenetik aurrera, urtarrilak 31, 5-Bentaberri eta 40 -Gros-Antigua-Igara lineetako zerbitzuak aldatu egingo dira. Uztailean hasi ziren zerbitzuak egokitzeko aldaketak egiten eta, lan horiekin jarraituta, aldaketa batzuk egin dira zerbitzuak puntuan eskaintzeko eta ibilbide jakin batzuetan alferrikako trabak saihesteko.

Honako aldaketa hauek egin dira:

  • 5- BentaBerri-Zuatzu (eguneratuta):

Zuatzuko zerbitzuak Zuatzuko biribilgunera arte baino ez dira iritsiko, industrialdearen barru-barruraino sartu gabe. Beraz, Zuatzu-Ulia eta Zuatzu-Urola geltokiak Zuatzuko biribilgunera lekualdatuko dira.

Egokitzapen horiek Kontxako pasealekuko lanek irauten duten bitartean bakarrik egongo dira martxan (2022ko ekainera arte).

  • 40-Gros-Antigua-Igara:

Igaratik Groserako itzulerako ibilbidean, autobusak Illarratik joango dira, Portuetxetik joan beharrean, eta Berio 45etik aurrera beren ohiko ibilbidea egingo dute.

Hortaz, linea horretan honako geltoki hauek kenduko dira: Portuetxe 51, Portuetxe 35, Portuetxe 21, Portuetxe 9, Ibaeta DV, Berio 91, Berio 73 eta Berio 63.

Alde horretara sartzea errazteko, bi aukera daude:

1) 33 linea (Larratxo-Intxaurrondo-Antigua-Berio-Igara) erabiltzea, geltoki horietan 20 minutuan behin gelditzen baita.

2) 40 linea (Gros-Antigua-Igara) linea erabiltzea Igara alderantz, kendutako geltokien aurrean daudenak erabiliz, handik igarotzen baitira autobusak minutu batzuk lehenago.

Aldaketa hori abantaila bat da Illarra inguruko erabiltzaileentzat, zerbitzua berriro 30 minutuan behin izango dutelako.

 

 

Dbizi sistema berriak urtebete egin du zifra errekorrekin

Abenduaren 11n Dbizi bizikleta alokatzeko sistema berriak urtebete egin zuen funtzionamenduan, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez zifra errekorrak lortuta.

Zerbitzu berriak, hiriko zati handi batean 46 geltoki dituenak eta guztira 437 bizikleta erabilgarri dituenak, bizikletaz egindako bidaien kopurua bikoiztea lortu du 12 hilabete baino gutxiagoan. Izan ere, 2021eko azaroaren amaieran 450.017 bidaia egin dira, eta 2019an, berriz, 208.007 bidaia egin ziren aurreko sistemarekin.

Zerbitzuan dauden abonatuen kopuruari dagokionez, aurtengo urrian zenbatu zen erregistratu kopururik handiena, 6.073 abonatu. Horrek esan nahi du %112ko igoera egon dela aurreko sistemarekin lortutako abonatu kopuru maximoarekin, 2018ko irailean 2.854 erabiltzaile erregistratu baitziren.

Erabiltzailearen profilari dagokionez, datuek erakusten dute abonatu asko ohiko erabiltzaileak direla eta egunero egiten dituzten bidaietarako garraiobide jasangarriak aukeratzen dituztela. Erabiltzaileen %85 inguruk banakako edo taldeko abonu arrunta du, urte osorako den abonamendu modalitate bat, ohiko joan-etorriak prezio hobean egiteko aukera ematen duena. Genero aldetik banaketa oso antzekoa da eta denboran zehar mantendu egin da, %53a gizonezkoak eta %47a emakumeak dira. Adinari dagokionez, 20 eta 29 urte bitarteko erabiltzaileak dira talde handiena, %22arekin, eta jarraian 40-49 eta 50-59 urte artekoak daude, %20arekin biak. 30 eta 39 urte bitarteko erabiltzaileen taldea %17a da.

Dbizin egindako bidaiak ibilbide laburrak dira batez ere, bidaien %70 inguru 15 minutu baino gutxiagoko ibilbideak baitira, eta eguneko puntako orduetan, hala nola ikastetxeetako eta lantokietako sarrera eta irteera orduetan, intentsitate handiagoa dute.

 

Kalitate ziurtagiriak lortzea

Dbizi UNE-EN 13816 arauaren araberako ziurtagiria lortzeko lanean ari da, bere zerbitzuan kalitate irizpideak ezarriz. Aipatutako arauak erabiltzaileei garraio zerbitzua emateko kalitate estandarrak zehazten ditu.

2021eko bigarren seihilekoan Dbizi lanean aritu da bere zerbitzuetan kalitate araua betetzen dela egiaztatzeko, barruko zein kanpoko auditoriak eginez, eta oso emaitza onak izan ditu erabiltzaileek egindako balorazioetan.

2021eko uztailean 250 gogobetetze inkesta baino gehiago egin ziren Dbiziren geltokietan. Hauek izan dira emaitza eta baloraziorik esanguratsuenak:

  • Sisteman alta emateko erraztasuna.
  • Bizikleten eskuragarritasun maila eta geltokietako ainguraketak.
  • Bizikleten mantentze eta segurtasun baldintzak.
  • Bizikletak egoki garbituta.
  • Bizikletaren erabilerari lotutako hiriko azpiegiturak.

Inkestatutako erabiltzaileek garrantzitsutzat jotzen dituzten hobetu beharreko alderdiak ere azpimarratu dituzte:

  • Abonu motak zabaltzea.
  • Geltokien sarea handitzea.

2022ko udaberrian Dbizik Aenorren ziurtagiria izatea espero da, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuak kalitate baldintza zorrotzenak betetzen dituela bermatuko duen kalitate zigilua.

Irakurri