Category : Berriak

DTK-k garapenerako duen estrategia aurkeztu du mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldi batean

Gaur, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere esperientzia eta Donostiako hiri garraioan ezarritako irtenbiderik berritzaileenak partekatu ditu, Mueve (Mugikortasun Iraunkorra, Hirigintza, Ekipamendua, Espazio Publikoaren Balorazioa, Berdetzea eta Ekitatea) proiektu europarraren barruan Donostian antolatutako mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldian.  Garapen iraunkorreko 2030 Agendarekin bat etorriz, proiektuak San Jose metropoli eremuko (Costa Rica) tren elektrikoaren eragin esparruko 15 udalerrietan hiri garapen integrala sustatzea bilatzen du.

Jardunaldian, non Costa Ricako politikari ordezkari batzuek parte hartu baitute, DTK-ko zuzendari gerente Igor Gonzalezek Konpainiaren elementu bereizgarriak aurkeztu ditu, hau da, Konpainia sektoreko enpresa erreferente bihurtzen duten elementuak eta erabilera indize altua eta abiadura komertzial handia (17,5 km/h) ez ezik erabiltzaileen aldetik oso balorazioa ona edukitzea  ahalbidetzen diotenak. Azken urteetan, antzinatasun handieneko garraio enpresa bat izatetik hiri mugikortasuna kudeatzen duen enpresa bihurtzera iritsi da, Dbusen bidez  autobuseko garraio publikoko zerbitzua eskainita eta Dbizi bidez bizikleta publikoa alokatzeko sistema.

Aurkeztutako gaien artean, nabarmentzekoak dira tarifa sistema integrala eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, erabiltzen diren Mugi, Bat eta Barik garraio txartelen interoperabilitatea; izan ere, horri esker Dbuseko ordainketa sistemak erosoak eta praktikoak dira erabiltzaileentzat. Horri lotuta, azken urteetan berrikuntza teknologiko ugari inplementatu dira, baliabideak optimizatzeko, benetako premietara egokitutako garraio sare bat diseinatzeko eta garraio publikora iristea errazteko, ordainketa sistemetan trabak ezabatuz. Kontakturik gabeko EMV banku txartelen bidez ordaintzeko sistema da aurkeztutako beste ticketing sistema bat. Sistema hori Dbuseko linea guztietan dago erabilgarri.

Era berean, BRT sistema (Bus Rapid Transit) da aurkezpenean aztertutako beste puntu bat. Sistema hori linearik erabilienetako bitan dauka Dbusek (5 eta 28 lineak). Kalitate handiko autobus sistema bat da, funtsean azkar, eroso eta eraginkortasunez zirkulatuko duena. Linea horiek, gainera, Aenorren UNE-EN 13816 ziurtagiria daukate, zeinak lineen zerbitzuaren kalitatea aitortzen baitu. Zerbitzua beste inplementazio teknologikoekin indartu da, hala nola itsuendako audio sistemarekin edo zerbitzua denbora errealean geltokietan dagoen erabiltzaile kopurura egokitzen uzten duen sistemarekin. Ezarri diren eta erabiltzaileek ondo hartu dituzten neurrietako beste bat da gaueko zerbitzuetako eskaripeko geldialdien sistema, zeinarekin emakumeak eta 18 urtetik beherako pertsonak ibilbidearen geltoki ofizial jakin batzuen artean jaitsi daitezkeen.

Aurkezpenean, Igor Gonzalezek Dbizi bizikleta publikoaren sistemaren funtzionamendua ere azaldu du. DTK arduratzen da sistema kudeatzeaz, Donostiako Udalak aginduta, sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio publikoko beste modu batzuen osagarri gisa. Dbizi sistema berritua 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta erreferentziako sistema bihurtu da beste hiri batzuetarako. Aurten 600.000 bidaia egin dira dagoeneko, eta 2021eko zifrak gainditu dira,12 hilabeteetan 468.000 bidaia erregistratu ziren-eta. Era berean, abonatuen errekor berria erregistratu da, 8.300 abonatu baitaude.

Ildo horretan, garraio iraunkorra bultzatzea da Dbusen lehentasunetako bat, elektromugikortasunean empresa aitzindaria baita eta 2014an Europan fabrikatutako lehen autobus %100 elektrikoa jarri baitzuen zerbitzuan. Gaur egun, Dbusek flotarik iraunkorrenetako bat dauka, izan ere, 12 metroko autobus flotaren ia %60 elektrikoak edo hibridoak dira-eta.

Bukatzeko, Igor Gonzalezek enpresaren konpromiso soziala edo gizartearen balioekin duen konpromisoa azpimarratu du, hainbat elkarterekin duen harremanean eta kausa sozialen alde egindakoan eratu baita. DTK-k garrantzi berezia ematen dio, halaber, fidagarritasuna eta sinesgarritasuna sortzeari, tokiko komunikabideekin eta herritarrekin harremana zuzena edukiz, enpatia sustatzeko eta gidariaren irudia indartzeko kanpainen bitartez.

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Entzutearen Egunarekin, autobusetan antzezlan inprobisatu txikiak antolatuz

Bihar, asteartea, azaroak 15, Entzutearen Eguna ospatuko da. Aurten, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren 35. urteurrena dela-eta, Dbusek eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak bat-bateko antzezlan txikiak antolatu dituzte, bihar Dbusen autobusetan antzezteko. Antzezlan inprobisatu horiek pertsona talde txikiek egingo dituzte, Donostiako hainbat autobus lineatan. Ekimen honen helburua da entzuteko beharra ikusaraztea eta nahi ez den bakardadeari buruz kontzientziatzea.

Era berean, bihar, asteartea, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak antolatutako jarduerak eta beren errealitatea partekatu behar duten guztiei entzutea eskainiz egiten duen lana babesten dutela adierazteko

Irakurri

Hobekuntzak Garberako zerbitzuan

Urriaren 17tik aurrera, astelehenez, Dbusek zerbitzu zabalagoa emango du Garberan, gaur egun dauden irteerak osatzeko.

  • Zerbitzu berezia astelehenetik larunbatera: beste irteera bat gehiago izango da 22:45ean Garberatik, eta zerbitzu hori Intxaurrondotik eta Grosetik joango da Boulevarderaino.

Zerbitzu berezi horrek (“GB Garbera-Intxaurrondo-Gros-Boulevard”) honako lekuetan egingo ditu geldialdiak: Otxoki, Baratzategi 2, Txara II, Zarategi 71, Mons 77, Ategorrieta 65, Jesuitak, Mariaren Bihotza, Kursaal eta Boulevard 3.

2) Irteera bat gehiago larunbatetan, 33 linean: larunbatetan, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineak irteera gehigarri bat izango du Garberatik Larratxo alderantz, 22:10ean, lanegunetan eskainitako zerbitzuaren parekoa. Garberatik Larratxora joango da zerbitzu hori, eta Igararaino jarraituko du.

Hobekuntza horiekin, asmoa da merkataritza guneko bezeroei eta langileei joan-etorriak erraztea. Era berean, Dbusek bidaiarien ugaritasuna eta beharrak monitorizatzen jarraituko du, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko, eskura dauden baliabideei erreparatuta. 

Irakurri

“Dbus eta Gabonak” haurrentzako XVI marrazki lehiaketa

“Dbus eta Gabonak” haurrentzako marrazki lehiaketaren beste edizio bat abiarazi du Dbusek, 13 urte baino gutxiago neska-mutilentzat.

 

Urteroko lehiaketa honen bitartez, 2022an lehiaketaren 16. edizioa izango baita, neska-mutilen sormena sustatu nahi da eta Donostian garraio publikoa erabiltzeak duen garrantzia helarazi nahi zaie, Donostiako hiri guneen eta donostiarren bizi kalitatearen iraunkortasuna bermatzeko balio baitu. Gabonetan, zehazki, garraio publikoaren erabilera funtsezkoa da mugikortasuna efizientea izatea bermatzeko.

Lehiaketaren oinarriak

Parte hartzailea 13 urtetik beherako edozein haur izan daiteke eta gai libreko marrazki bat egin beharko du. Baldintza bakarra Gabonen inguruko ideia bat azaltzea izango da, autobusarekin erlazionatuta

Marrazkiak Fnac-eko erakusmahaian entregatuko dira (San Martin Merkataritza Gunea), lehiaketaren antolaketako laguntzailea baita, edo Dbuseko bulegoetan (Fernando Sasiain, 7), eta marrazkien atzealdean parte hartzailearen datuak jarriko dira: 

  • Izen-abizenak
  • Adina
  • Jaiotze data
  • Helbidea
  • Telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa
  • Ikastetxea
  • Baimendutako tutorearen izenpea

Ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak adieraztea. Bestela, marrazkia lehiaketatik baztertuta geratuko da. Derrigorrezkoa izango da, halaber, formularioa betetzea parte hartzailearen legezko tutoreen baimenarekin. Formularioa edo inprimakia hemen deskargatu dezakezu.

Bi kategoria egongo dira:  

  • A Kategoria: 8 urte artekoa, hau da, 2014an edo geroago jaiotako haurrentzat.
  • B Kategoria: 9 eta 12 urte artekoa; hau da, 2010ean, 2011n, 2012an edo 2013an jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute

Marrazkiak jasotzeko azken eguna 2022ko azaroaren 11 izango da.

Sariak

Epaimahaiak, Dbusek izendatuko baita, kategoria bakoitzeko marrazki irabazleak hautatuko ditu. 

  • Lehen saria: txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2023ko 6 hilabetetan + LENOVO M10 HD
  • Bigarren saria: txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2023ko 3 hilabetetan + FUJIFILM argazki kamera.
  • Hirugarren saria: txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2023ko 3 hilabetetan + liburu sorta eta idazketarako sorta.
  • Gainerako finalistek (4. postutik 10.era) diploma bana jasoko dute.

Sari banaketa

Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 16an izango da, ostiralez, 18:00etan, Donostiako Aquariumen Auditoriumean.

Oinarriak (pdf)

Inprimakia hemen (pdf)

Irakurri

Dbusek bat egiten du Ikusmenaren Munduko Egunarekin

Urriaren 13an, osteguna, Ikusmenaren Munduko Eguna ospatuko da. Begisarek  (Erretinosi Pigmentarioak Jotakoen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du egun horretarako, eta Dbusek bat egin nahi dut jarduera horiekin.

Horregatik, ostegunean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus-ek adimen artifizialari buruzko jardunaldi batean parte hartu du, eta zerbitzuan inplementatutako berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu bertan

Dbusek adimen artifizialari buruzko jardunaldi batean parte hartu du. Spri Taldeak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, antolatu du jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Miramonen, eta bertan egon dira adimen artifizialeko teknikariak eta adituak. Jardunaldian, Javier Vallejo Dbuseko zuzendari laguntzaileak HUPI enpresa teknologikoarekin batera Dbusen ezarritako azken soluzio berritzaileak aurkeztu ditu. Sistema horien helburua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Berrikuntza horietako bat da geltokien sentsorizazio sistema; izan ere, sistema horrek ahalbidetzen du geltokian dauden erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza egitea, eta datozen egunetarako eskaera aurreikusi ahal izatea, baliabideak optimizatzeko. Jardunaldian, halaber, Javier Vallejok beste programa berritzaile baten funtzionamendua azaldu du. Big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko gai den programa da. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileen bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Zentzu horretan, saioan Smart Ramp eta Smart Clima proiektuak ere aurkeztu ditu Dbusek. Proiektu horiek aurreikuspen analisi adimenduneko proiektuak dira eta, autobusen arrapalen funtzionamenduari aplikatuak, hedapen automatikoa hobetzeko eta arazo teknikoak saihesteko, bai eta klimatizazio sistema monitorizatzeko ere baliatzen dira, mantentze prediktiboa hobetzeko, alertak ezartzeko eta zerbitzuko gorabeherak argitzeko, besteak beste.

Dbusek 15 urte baino gehiago daramatza berrikuntza teknologikoak ezartzen, eta erreferentea da Estatuan eta Europan garraioari aplikatutako berrikuntzetan, nazioarteko sarien finalista baita munduko garraio operadore berritzaileenaren kategorian.

Irakurri

Donostiak bost proiektu aurkeztu ditu Dbus-en zerbitzua elektrifikatzeko eta digitalizatzeko Europako funtsen deialdi berrian

Donostiako Udalaren bitartez, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) garraio publikoa elektrifikatzeko eta digitalizatzeko bost proiektu aurkeztu ditu MITMAren (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Ingurumeneko Ministerioa) Next Generation EU Europako funtsen bigarren deialdian. Eskaera horrek, “Donostia Electric Zen” izenekoak, 15.806.467,66 euroko aurrekontua du, eta horietatik 7.158.767€ diruz lagundutakoak izango lirateke, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan Emisio Txikiko Eremuak Ezartzeko eta Hiri Garraioaren Eraldaketa Digitalerako eta Iraunkorrerako Udalerriei zuzendutako Laguntza Programaren bidez.

 

Aurkeztutako bost proiektuek Donostiako autobus flota elektrifikatzeko lanetan jarraitzea ahalbidetuko lukete, eta zerbitzua hobetzen jarraitzea ere, arian-arian markesinak berrituz. Horrez gain, Dbizi, hirian dagoen alokairuko bizikleta publikoaren sistema, hedatzen jarraituko litzateke, igorpen akustikoak eta kutsagarriak murriztea sustatuta, eta airearen kalitatea hobetuta.

Flota errespetuzkoagoa eta iraunkorragoa

Azken deialdi honetan aurkeztutako proiektua onartzen bada, Dbusek 12 metroko beste 24 autobus gehiago eskuratuko lituzke, guztiak ere %100 elektrikoak. Autobus horiek hiriko linea guztietan emango lukete zerbitzua eta, horrela, MITMAren lehen deialdiari esker flotan sartuko diren 12 metroko 14 autobus elektriko berriekin batera eta lehendik Konpainiakoak diren hiru autobusekin, Dbusek, 2025ean, 41 autobus izango lituzke ezaugarri horiekin, hots, %100 elektrikoak, eta horiek 12 metroko flotaren %45 izango lirateke. Proiektu honi esker, halaber, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua amaituko da, eta, 2025ean, flotaren %55 hibridoa izango da, hau da, 12 metroko flotaren %100ek teknologia errespetutsua eta iraunkorra izango dute.

Autobus berri horiekin batera, proiektuak horien kargagailuak erostea ere aurreikusi du, gauez kotxetegietan kargatze lanak egiteko, eta plataforma adimenduna kontratatzea autobusentzako kargatze lanetarako eragiketa eta azpiegituraren kudeaketa errazteko. Plataforma horrek ahalbidetuko luke egin daitezen kargatze lanei esker, autobusek esleituta dituzten zerbitzuak bete ahal izatea. Hala, kontsumoa optimizatuko litzateke.

Dbusen markesina sare osoa berritzea

Bestalde, DTKren proposamenak 50 markesina berritzea ere jasotzen du. Berritze lan horiei esker, 2025erako Dbusen zerbitzuko markesina sare osoa guztiz berriztuta egongo da, markesina irisgarri, inklusibo eta eraginkorrak izanik, aurreikusita baitago beste 136 markesina berritzea MITMAren lehen deialdiaren barruan eta beste 110 gehiago markesinak mantentzeko lanen kontratuaren barruan. Markesina berriek presentzia sentsoreak izango lituzkete. Horiek geltokiko argiztapena aktibatzen dute, elektrizitate hargunea duten geltokien kasuan. Gainera, markesina berriak ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako informazio sistema bat izango lukete, informazioa jasotzeko era, erabiltzailearen esperientzia eta erabiltzaile guztiek garraio publikorako sarbidea hobetzeko.

Bizikleta elektriko berriak

Azkenik, DTKren proposamenak Dbizi sistemaren hedapena jasotzen du, 132 bizikleta elektriko gehiago eskuratuz, eta, horrela, Donostiako bizikleta publikoak alokatzeko zerbitzua hobetu ahal izango litzateke. Sistemak, gaur egun, 47 geltoki misto ditu, 317 bizikleta mekanikorentzat eta 120 bizikleta elektrikorentzat. Bizikleta elektrikoen eskaintza hedatzeak zerbitzua erabiltzeko dagoen eskari handiari erantzungo lioke, izan ere, 2020ko abenduan abian jarri zenetik, harrera bikaina izan du hiritarren aldetik.

Irakurri