Category : Jarduerak

“Dbus, zugatik egiten dugu lan”, garraio publikoa sustatzeko kanpaina

COVID-19aren ondoriozko egoeretara moldatuz joateko hainbat hilabetetan gogor lan egin ondoren, Dbusek garraio publikoa sustatzeko kanpaina bat abiarazi du etapa berri honetan, Donostian autobusez mugitzen diren pertsona guztiei kalitateko zerbitzua eman ahal izateko, eta are gehiago egoera berri honetan, Konpainiaren barruan egiten den lana erakutsita eta balioetsita: “Dbus, zugatik egiten dugu lan”. 

Kanpainak erabiltzaileen konfiantza berreskuratu nahi du, eta ilusioa, lana, esfortzua, segurtasuna, ardura eta konpromisoa transmititu, horiek izan baitira Konpainiaren balio nagusiak bere historiako 130 urte baino gehiagotan. Dbuseko sektore desberdinetako langileak dira kanpainaren protagonistak, tartean direla gidariak, administrazioko langileak, garbitzaileak, Mediku Zerbitzukoak eta Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzukoak, Erabiltzaileen Arretarako Departamentukoak eta tailerretakoak.

Herritarrekiko konpromiso horren erakusgarri moduan, hilabete hauetan Konpainiaren erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko prebentzio neurri ugari ezarri dira, autobusen funtzionamendua osasun egoera desberdinetara berehala moldatuta. Autobusen eta instalazioen garbiketa eta desinfekzioa areagotzea, autobusen barruko funtzionamenduaren aldaketa, autobus artikulatu guztiak martxan jartzea, zerbitzuen monitorizazioa edo maskara derrigor erabili behar izatea dira neurri horietako batzuk.  

Era berean, kanpainaren asmoa da autobusek eta garraio publikoak mugikortasun iraunkorrerako sistema diren heinean eta ibilgailu pribatuaren aldean igorpen kutsatzaileen aurkako borrokan duten zeregina bultzatzea. Garraioa da ingurumeneko kutsadura iturri nagusietako bat, eta karbono dióxidoaren igorpenen ia laurdena.

Autobusen erabilera handitzeak nabarmen murriztuko lituzke hiriko kongestio arazoak, autobus baten edukiera 20 ibilgailu pribaturenaren parekoa baita batez beste.  

Kanpaina hainbat euskarritan ikusi daiteke, hala nola Dbusen markesinetan, 4 autobusen errotuluetan, ibilgailuen barruko pantailetan, web orrian eta sare sozialetan. Era berean, bideo bat egin da autobusak eta zerbitzuak martxan jartzeko prest egon daitezen egunero Kotxetegietan eta hiriko kaleetan dabiltzan bitartean ere arretaz egiten den lana erakusteko.

Bideoa ikusgai dago, baita ere, Dbusen Youtube kanalean (dbusdonostia)

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Igandean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarriko du Donostiako autobusetan. 

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Linfedemaren nazioarteko egunarekin

Bihar, ostirala, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei  babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

 

Irakurri

“Ondo bidaiatu” kanpaina abiarazi du Dbus-ek, garraio publikoaren erabilera egokia bultzatzeko

Dbusek kanpaina bat abiarazi du, “Ondo bidaiatu” lelopean, autobus barruan batzuetan gertatzen diren bost kasuren inguruan, erabiltzaile guztiek bidaia atseginago egin dezaten bost gomendio emanda. Kanpainak autobus zerbitzuen gainerako erabiltzaileak errespetatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du, portaera zuzenak nabarmenduta portaera lotsagabeen eta batere zibiko ez direnen aldean. 

Beste kanpaina batzuetan jada bildu diren arren autobusetan nahiko sarri erregistratzen diren eta heziketa, elkartasun, enpatia eta errespetuarekin zerikusia duten egoeretarako bost gomendio dira.  Autobusean, jendea elkarrekin egoten den beste edozein lekutan bezala, garrantzitsua da besteengan pentsatzea eta ikustea nola gure portaerarekin gainerako erabiltzaileak lagundu edo gogaitu ditzakegun.

Dbusen ondo bidaiatzeko 5 gomendio

1) Eserlekua gehien behar duten pertsonei utzi: gomendio honekin azpimarratzen da eserleku “berdeak” mugikortasun urria duten pertsonei utzi behar zaizkiela (haurdun dauden emakumeak, adineko pertsonak, 6 urtetik beherako adingabeak, mugitzeko arazoak dituzten pertsonak, etab.), pertsona horientzat erreserbatuta baitaude, baina azpimarratzen da, halaber, garrantzitsua dela autobuseko edozein eserleku gehien behar duten pertsonei utzi behar zaizkiela.

2) Ez jarri oinak beste eserlekuetan: eserlekuak alferrik okupatzeaz gain, oinak eserlekuen gainean jarriz eserlekuak zikindu ditzakezu eta horrela beste erabiltzaile batzuk ere bai. Mezu hori indartzeko, autobusen barruan hori adierazten duten pegatinak daude.

3) Musika modu egokian entzun autobus barruan: gomendio honekin adierazi nahi da musika edo edozein gailu elektroniko kaskoak jarrita eta neurrizko bolumenean entzun behar dela, beste erabiltzaileak ez molestatzeko.

4) Ez jan autobus barruan: Autobusa edo autobusean doazen beste erabiltzaile batzuk ez zikintzeko. Gomendatzen da autobusera igo aurretik jana gordetzea. Era berean, ezin da autobusera igo edalontziekin, lata irekiekin, izozkiekin edo gorde ezin diren eta erori daitezkeen beste elementu batzuekin.  

5) Beste erabiltzaileen lekua errespetatu: azpimarratu nahi da garrantzitsua dela erabiltzaile bakoitzak berari dagokion lekua okupatzea, beste erabiltzaile batzuentzat traba izan daitezkeen egoerak saihestuta, hala nola beharrik gabe leku gehiago okupatzea, eserita doazen besteei leku gutxi uztea edo baita besteak mehatxatzea ere.

Gomendio horiek Dbusen webgunean zein bere sare sozialetan eta informazio karteletan eta autobusen barruko pantailetan daude eskuragarri, bai eta autobus geltokietako markesina batzuetan ere. Gomendio horiekin, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoaren erabilera egokiaren garrantziaz sentsibilizatu nahi dute, autobusak leku atsegina izan daitezen, bizikidetzako gune gisa, non adin desberdineko pertsonek elkarrekin bidaiatzen duten.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du bihar, otsailaren 29an, ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Horregatik, Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute egun osoan, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.  

Irakurri

Dbusek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Bigarren urtez jarraian, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko.  Oraingo honetan, Zorroaga Fundazioarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horretan bizi diren adineko 24 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 19, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.

Pasa den urtean Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi zirenen artean jarduerak eduki zuen arrakastaren eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hiriko hainbat egoitzarentzat.

 

Irakurri

“Dbus eta Gabonak”, 13. haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa

Hamahirugarren urtez jarraian, Dbus eta San Martingo Azokak, FNAC-en parte-hartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako parte-hartzea paregabea izan da, 3 eta 12 urte arteko 1.407 haur baino gehiagoren marrazkiak jaso baitira.

Gaur, 2019ko abenduaren 14an, San Martin Merkatuko FNACen sari banaketa burutu da.

A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak) ondorengoak izan dira:

  • 1. Saria: Ane Alkain Navascués, 8 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Amaia Salvador Azurza, 6 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera (marrazkia ikusi).
  • 3. Saria: Nora Eguren Sánchez, 8 urtekoa, Amara Berri Ikastetxea. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta (marrazkia ikusi).

B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte) ondorengoak izan dira:

  • 1º Saria: Izaro Ximenez Ledesma, 11 urtekoa, Amara Berri Ikastetxea.. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Martin Arraztio Fernández,  10 urtekoa,  Axular Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera (marrazkia ikusi).
  • 3º Saria: Markel Makuso Cañas, 11 urtekoa, Zurriola Ikastola. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta (marrazkia ikusi).

13. marrazki lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira:

A Maila:

B Maila:

Marrazki finalistak abenduan zehar DVBUSen agertuko dira eta aldi berean DBUS eta San Martin Merkatuko web orrian argitaratuko dira. Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen parte-hartzea ere.

MARRAZKIEN ERAKUSKETA

Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 18tik urtarrilaren 23ra arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63).

Lekua: AIETE KULTUR ETXEA

Datak: Abenduaren 18tik urtarrilaren 23ra arte (Itxita: abenduak 25 eta 31; urtarrilak 1 eta 6).

Irakurri

“Jar zaitez nire lekuan” jarduerak zailtasun sentsorialak esperimentatzeko aukera emango digu enpatia bultzatzeko

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea dela eta, irailaren 17an eta 18an Dbusek eta Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuak “Jar zaitez nire lekuan” izeneko jarduera antolatu du hainbat erakunderekin elkarlanean. 

Bi egun horietan, 10:00etatik 13:00etara Dbuseko autobus bat jarriko da Alderdi Ederren, bertara hurbiltzen direnek zailtasun sentsorial batzuk esperimentatzeko hainbat jardueratan parte hartu ahal dezaten, erabiltzaileen arteko enpatia eta elkar ulertzea sustatzeko eta pertsonen hainbat mugapen ikusarazteko, esaterako, mugitzeko zailtasunak, ikusmen urritasuna, etab.

“Jar zaitez nire lekuan” izeneko jarduerarekin asmoa da erabiltzaileak egoera jakin batzuetan jartzea, hainbat elementuren bitartez, esaterako ikusmenaren mugapen gradu desberdinak simulatzen dituzten betaurrekoen bitartez edo mugikortasunerako laguntza teknikoekin. Itsu-zakurren erakustaldia ere egingo da bertan. Era berean, aurreikusita dago udalaren teknikariekin saio bat egitea.  Jardueran, mugikortasun arazoak dituzte pertsonekin edo aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten elkarte eta erakunde batzuek hartuko dute parte, hala nola Zenta, Begisare, ONCE eta Elkartu.

 

Irakurri