Category : Next funtsak

Donostiak bost proiektu aurkeztu ditu Dbus-en zerbitzua elektrifikatzeko eta digitalizatzeko Europako funtsen deialdi berrian

Donostiako Udalaren bitartez, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) garraio publikoa elektrifikatzeko eta digitalizatzeko bost proiektu aurkeztu ditu MITMAren (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Ingurumeneko Ministerioa) Next Generation EU Europako funtsen bigarren deialdian. Eskaera horrek, “Donostia Electric Zen” izenekoak, 15.806.467,66 euroko aurrekontua du, eta horietatik 7.158.767€ diruz lagundutakoak izango lirateke, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan Emisio Txikiko Eremuak Ezartzeko eta Hiri Garraioaren Eraldaketa Digitalerako eta Iraunkorrerako Udalerriei zuzendutako Laguntza Programaren bidez.

 

Aurkeztutako bost proiektuek Donostiako autobus flota elektrifikatzeko lanetan jarraitzea ahalbidetuko lukete, eta zerbitzua hobetzen jarraitzea ere, arian-arian markesinak berrituz. Horrez gain, Dbizi, hirian dagoen alokairuko bizikleta publikoaren sistema, hedatzen jarraituko litzateke, igorpen akustikoak eta kutsagarriak murriztea sustatuta, eta airearen kalitatea hobetuta.

Flota errespetuzkoagoa eta iraunkorragoa

Azken deialdi honetan aurkeztutako proiektua onartzen bada, Dbusek 12 metroko beste 24 autobus gehiago eskuratuko lituzke, guztiak ere %100 elektrikoak. Autobus horiek hiriko linea guztietan emango lukete zerbitzua eta, horrela, MITMAren lehen deialdiari esker flotan sartuko diren 12 metroko 14 autobus elektriko berriekin batera eta lehendik Konpainiakoak diren hiru autobusekin, Dbusek, 2025ean, 41 autobus izango lituzke ezaugarri horiekin, hots, %100 elektrikoak, eta horiek 12 metroko flotaren %45 izango lirateke. Proiektu honi esker, halaber, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua amaituko da, eta, 2025ean, flotaren %55 hibridoa izango da, hau da, 12 metroko flotaren %100ek teknologia errespetutsua eta iraunkorra izango dute.

Autobus berri horiekin batera, proiektuak horien kargagailuak erostea ere aurreikusi du, gauez kotxetegietan kargatze lanak egiteko, eta plataforma adimenduna kontratatzea autobusentzako kargatze lanetarako eragiketa eta azpiegituraren kudeaketa errazteko. Plataforma horrek ahalbidetuko luke egin daitezen kargatze lanei esker, autobusek esleituta dituzten zerbitzuak bete ahal izatea. Hala, kontsumoa optimizatuko litzateke.

Dbusen markesina sare osoa berritzea

Bestalde, DTKren proposamenak 50 markesina berritzea ere jasotzen du. Berritze lan horiei esker, 2025erako Dbusen zerbitzuko markesina sare osoa guztiz berriztuta egongo da, markesina irisgarri, inklusibo eta eraginkorrak izanik, aurreikusita baitago beste 136 markesina berritzea MITMAren lehen deialdiaren barruan eta beste 110 gehiago markesinak mantentzeko lanen kontratuaren barruan. Markesina berriek presentzia sentsoreak izango lituzkete. Horiek geltokiko argiztapena aktibatzen dute, elektrizitate hargunea duten geltokien kasuan. Gainera, markesina berriak ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako informazio sistema bat izango lukete, informazioa jasotzeko era, erabiltzailearen esperientzia eta erabiltzaile guztiek garraio publikorako sarbidea hobetzeko.

Bizikleta elektriko berriak

Azkenik, DTKren proposamenak Dbizi sistemaren hedapena jasotzen du, 132 bizikleta elektriko gehiago eskuratuz, eta, horrela, Donostiako bizikleta publikoak alokatzeko zerbitzua hobetu ahal izango litzateke. Sistemak, gaur egun, 47 geltoki misto ditu, 317 bizikleta mekanikorentzat eta 120 bizikleta elektrikorentzat. Bizikleta elektrikoen eskaintza hedatzeak zerbitzua erabiltzeko dagoen eskari handiari erantzungo lioke, izan ere, 2020ko abenduan abian jarri zenetik, harrera bikaina izan du hiritarren aldetik.